domingo, 20 de mayo de 2012

Hausnarketa: Agur esateko eguna ailegatu da!

Ailegatu da gure lana bukatzeko ordua, “teknologia berriak” irakasgaian gure betebeharra borobiltzeko eguna, azken sarrera egiteko momentua, hain zuzen ere. Horretarako, hasierako unera bueltatzea, lehenengoko urratsak gogoratzera jotzea ezinbestekoa dirudit.

Otsailean, irakasgaiaren programa irakurtzerako orduan izugarrizko korapiloa sartu zitzaidan tripetara. Aitortu beharra daukat ez naizela inoiz oso teknologia zalea izan eta ezjakintasuneko mundu honetan beti tentuz ibili izan naizela astakeriarik ez egiteko, beldurrak harrapatuta. Beraz, lehenengoko urratsak gogorrak izan ziren, ikaraz betetako pausuak izan ziren, gai ez nintzela izango pentsatzera ere heldu nintzelarik. Erronka berri baten aurrean nengoen berau osatzeko lan egitea besterik ez nuen behar.

Lehenik eta behin, irakaslearen blogaren jarraitzaile egitea ezinezkoa iruditzen zitzaidan, baina hainbat saiakera egin ondoren lortu nuen. Ondoren, bloga sortzeari ekin nion, horretarako, haur txikitxoak bezalaxe saiakeran eta errorean oinarritu nuen nire lana. Egun batzuk eman nituen oinarrizko plantila diseinatzen, irudiarekin, batik bat, nahiko lan izan nuelarik. Azkenean, lanerako baliabidea sortu nuen, hemendik aurrera pausuak arkitektura eraikitzen zentratu ziren.

Horretarako, internet-en nabigatzen hasi nintzen dokumentazioa bilatzeko: teknologia berriak eskoletan zelan erabili daitezkeen, zeintzuk baliabide dauden irakasleon eskura, hainbat artikulu interesgarri, bideoak … horiek guztiak niretzat eta blog-a irakurtzen duen edonorentzat interesgarriak, probetxugarriak eta motibagarriak izango zirelakoan.

Dena den, blog-ak oinarri teorikoa ere baduela esan beharra dago. Horretarako, emangarrien artean aukeratutako Manuel Área Moreiraren “Introducción a la tecnología educativa” liburuaren lana egin nuen eta ikasleekin partekatzen ikasi ere bai. Gainera, internet-en kontsultatutako informazioen artean artikulu zein bideo teorikoak ere landu izan ditut.

Hurrengo lana, teknografia, hots, irakasle identitatearen eraikuntza, burutzea zen. Bidean oztopo bat aurkitzea izan zen. Izugarrizko estualdiak pairatu nituen “movie maker” programarekin ez baitnuen lehenago inoiz ere ez erabili. Hainbat tutorial ikusi eta apur bat trasteatu ondoren, beldurrak eta zalantzak alboratu eta argazkiak bilatu eta eskaneatzeari, irudiak aukeratzeari eta muntaia prestatzeari ekin nion. Behin lan guzti hau burututa, teknografia hitzez azaltzea falta zitzaidan eta oraingo honetan berriro ere beldurrak eta zalantzak presente. Zaila da oso biluzik geratzea eta norberaren pentsamenduak, sentimenduak adieraztea. Are gehiago, jende askok ikusteko aukera izango duela jakinik. Egunak joan egunak etorri, pentsatu baina ordu gehiago behar izan nituen lana bukatzeko, baina azkenean pozik lortutako emaitzarekin.

Konturatu orduko maiatza heldu da eta osasun arazoak direla eta azkeneko lana burutzeko nahiarekin geratu naiz. Proiektu polita pentsatuta neukan, baina … arazoak arazo ezin gauzatu.

Hala ere, teknologia berrietarako hurbilpen hau ez da hemen amaituko. Hasierako bidea hau esperientzia esanguratsua izan da, aberasgarria, ezagutza zabaltzeko aukera eskaini dit. Esan bezala, hau hasiera besterik ez da izan eta etorkizunean, laster izatea espero dut, haurrekin eskoletan lanean egongo naizenean ikasitakoak praktikan jartzera animatuko naiz eta zergatik ez blog-a aprobetxatuko dut zuekin, nahi duenarekin, alegia, nire esperientziak partekatzeko.

viernes, 18 de mayo de 2012

Ohiko eskola VS. Eskola modernoa

Egia da gauzak hezkuntza sisteman asko aldatu direla. Gure aitite-amama eta gurasoen urteak pasa dira eta ikasleak gero eta protagonismo handiago du ikasgelan. Era berean, beste hainbat alderdietan ere aldaketa sakonak eman dira, esate baterako, irakaslearen beraren rola, irakasteko metodologia, eskolaren kontzepzioa... baina oraindik ere bide luzea geratzen zaigu eskola eraldatzeko eta hezkuntza sistema eraikitzailea lortzeko, non ikasleek euren interesetatik abiatuta euren ezagutza eraikiko duten. Nire ustez, haur hezkuntzan metodologia berri hauek ezartzea errazagoa da, edo behintzat hala izaten ari dela ikusteko aukera dugu, eta ikasmailak aurrera egin ahala ohiko metodologiaren garrantzia gero eta presentzia handiagoa dauka (ikasleak protagonismoa galtzen doa, irakaslea jakintzaren trasmisorea, emaitzen garrantzia...).

IKT-en eskutik hezkuntza-sistemaren eraldaketa gerta liteke, baina horretarako bide luzea dugu aurretik, pausu asko dauzkagu emateke. Are gehiago, hezkuntza iraultza gertatzeko agintarien pentsamoldean aldaketak eman behar dira eta azken egunetan dauzkagun berriak ez dira oso esperantzagarriak, baina, ez dugu ahaztu behar "ezina ekinez egina" lortzen dela, beraz, atzoko, gaurko eta etorkizuneko irakasleok, gurasoak eta ikasleak lanean jarraitu behar dugu gure helburuak eskuratu nahi baditugu.

Jarraian bideo bat konpartitu nahi dut zuekin non era bisual batean hezkuntza garai bien arteko ezberdintasun nagusiak islatzen diren.


miércoles, 16 de mayo de 2012

Google Drive: Zelan erabili ikasgelan? Zeintzuk dira Dropbox-ekin dituen aldeak?

Duela egun batzuk, Google Drive sarean informazioa dohainik gordetzeko plataforma bezala aurkeztu zen, eta ez hori bakarrik Dropbox-en alternatiba bezala ere jaiotzen dela esan beharra dago. 



"La tecnología de almacenamiento en la nube es un recurso TIC muy útil y cada vez más imprescindible para el profesor y el alumno a nivel académico. Con esta tecnología los profesores y alumnos pueden almacenar y compartir documentos, fotos y videos en la nube para tenerlos accesibles desde cualquier ordenador."


Jarraian dagoen estekan informazio osatua eskura daukazu, bertan erabilera bideak eta Dropbox-ekin dauden aldeak era erraz batean azaltzen direlarik:

martes, 15 de mayo de 2012

Swÿp: Hezkuntzan erabilgarria izan daitekeen baliabide berria

Internet-eko albistegi bat irakurtzen nengoela honako berriarekin egin dut topo: gailu ezberdinen artean fitxategiak partekatzeko tresna sortze bidean dagoela. Honako erramienta hau hezkuntzarako erabilgarria izango delakoan dago, beraz, informazioa hemen uzten dizuet eta harekin batera bideo tutoriala prozesua zelakoa den ikus dezazuen.

"Swÿp: gailu ezberdinen artean fitxategiak trukatzeko tresna... hatzen mugimendu hutsez"


Hainbat gailu dituzula (tableta, smartphonea...) eta horien artean argazkiak edo fitxategiak trukatu nahi dituzula? Esku hutsez egin ahal izateko programa garatu dute: Swÿp transfer with a swipe of a finger. Ipini bi gailuak elkarren ondoan eta hatz kolpe bakarraz eraman ditzakezu fitxategiak batetik bestera. Oraingoz garapen fasean dago eta iOS-ekin bakarrik dabil.

Informazio gehiago nahi baduzu:


lunes, 14 de mayo de 2012

Nolakoa izan beharko du etorkizuneko eskolak?

Ikasturtea aurrera doa, egunak joan egunak etorri, eta hainbat artikulu, albiste, bideo ... ikusteko aukera izan ostean hasieratik neukan ideia batek indarra hartzen doa: gure hezkuntza-sisteman aldaketa bat, iraultza bat beharrezkoa da. Argi dago, IKT-en munduan dabiltzan adituek argi daukatela, baina, gure agintariek, azken finean, eurek erabakitzen dute zeintzuk eduki irakatsi eta zein modutan, oraindik ere ez direla ohartu dirudi. Garaia da gauzak aldatzen hasteko, haurrek ere, euren nortasuna erakusteko garaia da, euren ezagutza eraikitzeko garaia, bakoitzak bere pausuak zein norabideetan eman nahi dituen erabakitzeko unea heldu da!


sábado, 12 de mayo de 2012

Jordi Adell: "Tecnología y pedagogía, dos caras de una misma moneda"

Donostian ospatu berri den Hiritar Digitalen Nazioarteko Kongresuan IKT alorrean aditua den Jordi Adell-en ponentzia bat zuekin konpartitzea gustatuko litzaidake, bere hitzak egiaz beterik daude eta gure irakasle identitatearen eraikuntzan garrantzitsuak izan daitezkeelakoan nago.



Ponentzia ikusteko jo ezazu ondorengo estekara:

viernes, 11 de mayo de 2012

Elkarlaneko idazketa ikasgeletan

Pasaden hilabetean, apirilean, jaio berri den proiektu bat aurkeztu nahi dizuet. "Coompone" proiektuak elkarlaneko idazketaren bitartez ikasleek abestiak eta  olerkiak idatz ditzaten du helburu nagusitzat. 

"Coompone" web gunean olerki eta abestien letrak elkarlanean arituz eraikitzen dira erabiltzaileek egindako proposamenetatik abiatuz. Irakasleek olerki edo abesti bati hasiera eman diezaiokete gaia proposatuz edo lehenengo esaldia idatzita, era berean, ikasleek beraiek ere libreki gaia aukeratu dezakete.



Informazio gehiago nahi baduzu jo ezazu "Coompone"-ren web orrialdera:

Altxorraren bila

“Altxorraren bila” formatua oso ezaguna eta erraza da, IKT-en integrazioa geletan lortzeko eta Internet informazio iturri gisa erabiltzeko ikasgela lanerako. Horrelako lan proposamenek, batez ere, hizkuntza trebetasunak garatzen, web ulertzeko prozedurak hobetzen, datuak prozesatzen eta testu ekoizpena buruzko informazioa aurkitzen… laguntzen diete ikasleei. Ikasteko funtzionalitatea eta ikasleen parte-hartze aktiboa bermatzen dute, ikasleen benetako interesetan, gai erreal eta hurbiletan oinarritzen direlako.



Informazio gehiago eskuratu nahi baduzu jo ezazu ondorengo estekara:

miércoles, 9 de mayo de 2012

Teknologia berriak hezkuntzan

Jarraian aurkezten dizuedan bideoan Colombiako Araucaco departamentuko eskoletan abian ipini den hezkuntzarako teknologia berrien proiektu integratzailea aurkezten dizuet.




Hiritar Digitalen Nazioarteko Kongresua ospatu da Donostian maiatzak 8 eta 9an


Kongresu honek Internet eta ziberhiritartasunari buruz hausnarketa egiteko topagune izatea izan du helburu, lehen mailako adituen eskutik sare-gizarteak eskaintzen dizkigun aukeren inguruan eztabaidatu, hausnartu eta horiek ezagutu eta aprobetxatzeko aukera emanez. Hiritartasun Digitaleko Kongresuak etorkizuneko gizartea definitzeko orduan estrategikoak diren gaiak jarri ditu mahai gainean, besteak beste, hezkuntza-eredu berri baten diseinua, demokrazia parte-hartzailearen kontzeptuaren definizio berria, ea.
Hezkuntza 2.0 esparruan hauek dira xedeak:
- Eskolako eskemaren barruan eta irakasleek betetzen duten paperan IKT-ek duten eraginari buruz hausnarketa egitea, eredurik egokienak aztertuz.
    - Sareko mundu honetan dauden Unibertsitateek betetzen duten papera aztertzea eta bikaintasun eta lehiakortasun eredu bat sortzeko eredu posibleak definitzea.
      - Ikaskuntza informaleko dinamika berriak ezagutzea.
        - Ikasteko prozesuak hobetu ditzaketen tresna teknologikoak aztertzea: errealitate areagotua, telefono mugikorrak, eta abar.
          - e-Learning eredua analizatzea, hezkuntza zein enpresaren munduetan produktibitatea eta eraginkortasuna bultzatzeko tresna gisa.

          lunes, 7 de mayo de 2012

          Hausnarketa: bidea eraikitzen jarraitzen dut

          Jadanik maiatzean gaude eta ikasturtea bukatzear dago, hala ere, bidea eraikitzen jarraitzen dut. Egunero hezkuntza arloarekin erlazioa edo zerikusia daukaten teknlogia berrien inguruko artikuluak, bideoak, gauza deigarriak ... arakatzen saiatzen naiz. Horretarako, orduak ematen ditut ordenagailuaren aurrean, baina askotan ez dut oso argi izaten zein izan daitekeen egokiena zuekin partekatzeko edo zein izan daitekeen nire irakasle identitatearen eraikuntzan gehien lagun dezakeena. Beraz, bidea eraikitzen jarraitzen dut, baina bertan oztopoak ere agertzen dira. Alde batetik pertsonalak, osasunarekin lotuta, izan ere, azken hilabeteetan  ospitalerako joan-etorriak asko dira eta horrek lan erritmoa apurtzeaz gain arlo akademikoa nahiko nukeen baino oharkabean uztera behartu nau. Hala ere, azken txanpa denez indarrak nonnahi hartu eta aurrera jarraitzeko inoiz baino kementsuago nago. Beste alde batetik, bakarrik lan egitea ere kostatzen dela esan beharra daukat. Klaseko dinamikan parte ez hartzeak pena handia ematen nau, baina tira norberaren egoera onartu beharra dago eta azken finean, irakasleak irakasgaian parte harzteko eman digun aukera hau ahalik eta gehien aprobetxatu behar dugu.

          Animo ikaskide guztientzat, laster gure ametsa eskuratuko dugu, irakasle izango gara!

          domingo, 6 de mayo de 2012

          Teknografiaren harira

          Hasiera nahiko mistikoa den arren, jarraian aurkezten dizuedan bideoan gure lana, teknografia hain zuzen ere, indartzen, justifikatzen ... , zentsua ematen dioten hitzak esaten dira, izan ere, bertan irakaslearen etengabeko prestakuntzari garrantzia ematen zaio. Era berean, gure nortasunaren eraikuntzan gure bizitzan zehar bizi izandako momentu guztiek garrantzia dutela nabarmentzen da. Halaber, irakasleok etorkizuneko gizartean partaide izango diren haurren prestakuntzan daukagun paperaren trasdendentzia bermatzen da.


          sábado, 5 de mayo de 2012

          Sortze-matematikak Gauss Proiektuarekin

          Gauss Proiektuaren bidez irakasleok item didaktikoak eta kode-zabaleko Geogebra applets-ak eskura izango ditugu. Hauek lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailako eduki guztiak asetzen dituzte. Unitate hauek arbela digitalean zein ikasleek beraiek dauzkaten ordenagailuetan erabiltzeko diseinatuta daude.




          Informazio gehiago irakurri nahi baduzu kontsultatu ondorengo esteka, bertan materialak ikus ditzakezu!

          jueves, 3 de mayo de 2012

          Eduapps: Klik batean hezkuntzarako aplikazioak


          Eduapps-ek ipad-erako hezkuntza aplikazioak jasotzen dituen web gunea da. Bertan aplikazio guztiak hezkuntza etaparen arabera zein beste hainbat parametroen arabera antolatuta daudelarik. Web gune honen bidez, irakasleok curriculum-arekin erlazionatutako hezkuntza aplikazioak partekatzeko aukera izango dugu.





          Ikusi informazio gehiago: