domingo, 20 de mayo de 2012

Hausnarketa: Agur esateko eguna ailegatu da!

Ailegatu da gure lana bukatzeko ordua, “teknologia berriak” irakasgaian gure betebeharra borobiltzeko eguna, azken sarrera egiteko momentua, hain zuzen ere. Horretarako, hasierako unera bueltatzea, lehenengoko urratsak gogoratzera jotzea ezinbestekoa dirudit.

Otsailean, irakasgaiaren programa irakurtzerako orduan izugarrizko korapiloa sartu zitzaidan tripetara. Aitortu beharra daukat ez naizela inoiz oso teknologia zalea izan eta ezjakintasuneko mundu honetan beti tentuz ibili izan naizela astakeriarik ez egiteko, beldurrak harrapatuta. Beraz, lehenengoko urratsak gogorrak izan ziren, ikaraz betetako pausuak izan ziren, gai ez nintzela izango pentsatzera ere heldu nintzelarik. Erronka berri baten aurrean nengoen berau osatzeko lan egitea besterik ez nuen behar.

Lehenik eta behin, irakaslearen blogaren jarraitzaile egitea ezinezkoa iruditzen zitzaidan, baina hainbat saiakera egin ondoren lortu nuen. Ondoren, bloga sortzeari ekin nion, horretarako, haur txikitxoak bezalaxe saiakeran eta errorean oinarritu nuen nire lana. Egun batzuk eman nituen oinarrizko plantila diseinatzen, irudiarekin, batik bat, nahiko lan izan nuelarik. Azkenean, lanerako baliabidea sortu nuen, hemendik aurrera pausuak arkitektura eraikitzen zentratu ziren.

Horretarako, internet-en nabigatzen hasi nintzen dokumentazioa bilatzeko: teknologia berriak eskoletan zelan erabili daitezkeen, zeintzuk baliabide dauden irakasleon eskura, hainbat artikulu interesgarri, bideoak … horiek guztiak niretzat eta blog-a irakurtzen duen edonorentzat interesgarriak, probetxugarriak eta motibagarriak izango zirelakoan.

Dena den, blog-ak oinarri teorikoa ere baduela esan beharra dago. Horretarako, emangarrien artean aukeratutako Manuel Área Moreiraren “Introducción a la tecnología educativa” liburuaren lana egin nuen eta ikasleekin partekatzen ikasi ere bai. Gainera, internet-en kontsultatutako informazioen artean artikulu zein bideo teorikoak ere landu izan ditut.

Hurrengo lana, teknografia, hots, irakasle identitatearen eraikuntza, burutzea zen. Bidean oztopo bat aurkitzea izan zen. Izugarrizko estualdiak pairatu nituen “movie maker” programarekin ez baitnuen lehenago inoiz ere ez erabili. Hainbat tutorial ikusi eta apur bat trasteatu ondoren, beldurrak eta zalantzak alboratu eta argazkiak bilatu eta eskaneatzeari, irudiak aukeratzeari eta muntaia prestatzeari ekin nion. Behin lan guzti hau burututa, teknografia hitzez azaltzea falta zitzaidan eta oraingo honetan berriro ere beldurrak eta zalantzak presente. Zaila da oso biluzik geratzea eta norberaren pentsamenduak, sentimenduak adieraztea. Are gehiago, jende askok ikusteko aukera izango duela jakinik. Egunak joan egunak etorri, pentsatu baina ordu gehiago behar izan nituen lana bukatzeko, baina azkenean pozik lortutako emaitzarekin.

Konturatu orduko maiatza heldu da eta osasun arazoak direla eta azkeneko lana burutzeko nahiarekin geratu naiz. Proiektu polita pentsatuta neukan, baina … arazoak arazo ezin gauzatu.

Hala ere, teknologia berrietarako hurbilpen hau ez da hemen amaituko. Hasierako bidea hau esperientzia esanguratsua izan da, aberasgarria, ezagutza zabaltzeko aukera eskaini dit. Esan bezala, hau hasiera besterik ez da izan eta etorkizunean, laster izatea espero dut, haurrekin eskoletan lanean egongo naizenean ikasitakoak praktikan jartzera animatuko naiz eta zergatik ez blog-a aprobetxatuko dut zuekin, nahi duenarekin, alegia, nire esperientziak partekatzeko.

viernes, 18 de mayo de 2012

Ohiko eskola VS. Eskola modernoa

Egia da gauzak hezkuntza sisteman asko aldatu direla. Gure aitite-amama eta gurasoen urteak pasa dira eta ikasleak gero eta protagonismo handiago du ikasgelan. Era berean, beste hainbat alderdietan ere aldaketa sakonak eman dira, esate baterako, irakaslearen beraren rola, irakasteko metodologia, eskolaren kontzepzioa... baina oraindik ere bide luzea geratzen zaigu eskola eraldatzeko eta hezkuntza sistema eraikitzailea lortzeko, non ikasleek euren interesetatik abiatuta euren ezagutza eraikiko duten. Nire ustez, haur hezkuntzan metodologia berri hauek ezartzea errazagoa da, edo behintzat hala izaten ari dela ikusteko aukera dugu, eta ikasmailak aurrera egin ahala ohiko metodologiaren garrantzia gero eta presentzia handiagoa dauka (ikasleak protagonismoa galtzen doa, irakaslea jakintzaren trasmisorea, emaitzen garrantzia...).

IKT-en eskutik hezkuntza-sistemaren eraldaketa gerta liteke, baina horretarako bide luzea dugu aurretik, pausu asko dauzkagu emateke. Are gehiago, hezkuntza iraultza gertatzeko agintarien pentsamoldean aldaketak eman behar dira eta azken egunetan dauzkagun berriak ez dira oso esperantzagarriak, baina, ez dugu ahaztu behar "ezina ekinez egina" lortzen dela, beraz, atzoko, gaurko eta etorkizuneko irakasleok, gurasoak eta ikasleak lanean jarraitu behar dugu gure helburuak eskuratu nahi baditugu.

Jarraian bideo bat konpartitu nahi dut zuekin non era bisual batean hezkuntza garai bien arteko ezberdintasun nagusiak islatzen diren.


miércoles, 16 de mayo de 2012

Google Drive: Zelan erabili ikasgelan? Zeintzuk dira Dropbox-ekin dituen aldeak?

Duela egun batzuk, Google Drive sarean informazioa dohainik gordetzeko plataforma bezala aurkeztu zen, eta ez hori bakarrik Dropbox-en alternatiba bezala ere jaiotzen dela esan beharra dago. 



"La tecnología de almacenamiento en la nube es un recurso TIC muy útil y cada vez más imprescindible para el profesor y el alumno a nivel académico. Con esta tecnología los profesores y alumnos pueden almacenar y compartir documentos, fotos y videos en la nube para tenerlos accesibles desde cualquier ordenador."


Jarraian dagoen estekan informazio osatua eskura daukazu, bertan erabilera bideak eta Dropbox-ekin dauden aldeak era erraz batean azaltzen direlarik:

martes, 15 de mayo de 2012

Swÿp: Hezkuntzan erabilgarria izan daitekeen baliabide berria

Internet-eko albistegi bat irakurtzen nengoela honako berriarekin egin dut topo: gailu ezberdinen artean fitxategiak partekatzeko tresna sortze bidean dagoela. Honako erramienta hau hezkuntzarako erabilgarria izango delakoan dago, beraz, informazioa hemen uzten dizuet eta harekin batera bideo tutoriala prozesua zelakoa den ikus dezazuen.

"Swÿp: gailu ezberdinen artean fitxategiak trukatzeko tresna... hatzen mugimendu hutsez"


Hainbat gailu dituzula (tableta, smartphonea...) eta horien artean argazkiak edo fitxategiak trukatu nahi dituzula? Esku hutsez egin ahal izateko programa garatu dute: Swÿp transfer with a swipe of a finger. Ipini bi gailuak elkarren ondoan eta hatz kolpe bakarraz eraman ditzakezu fitxategiak batetik bestera. Oraingoz garapen fasean dago eta iOS-ekin bakarrik dabil.

Informazio gehiago nahi baduzu:


lunes, 14 de mayo de 2012

Nolakoa izan beharko du etorkizuneko eskolak?

Ikasturtea aurrera doa, egunak joan egunak etorri, eta hainbat artikulu, albiste, bideo ... ikusteko aukera izan ostean hasieratik neukan ideia batek indarra hartzen doa: gure hezkuntza-sisteman aldaketa bat, iraultza bat beharrezkoa da. Argi dago, IKT-en munduan dabiltzan adituek argi daukatela, baina, gure agintariek, azken finean, eurek erabakitzen dute zeintzuk eduki irakatsi eta zein modutan, oraindik ere ez direla ohartu dirudi. Garaia da gauzak aldatzen hasteko, haurrek ere, euren nortasuna erakusteko garaia da, euren ezagutza eraikitzeko garaia, bakoitzak bere pausuak zein norabideetan eman nahi dituen erabakitzeko unea heldu da!


sábado, 12 de mayo de 2012

Jordi Adell: "Tecnología y pedagogía, dos caras de una misma moneda"

Donostian ospatu berri den Hiritar Digitalen Nazioarteko Kongresuan IKT alorrean aditua den Jordi Adell-en ponentzia bat zuekin konpartitzea gustatuko litzaidake, bere hitzak egiaz beterik daude eta gure irakasle identitatearen eraikuntzan garrantzitsuak izan daitezkeelakoan nago.



Ponentzia ikusteko jo ezazu ondorengo estekara:

viernes, 11 de mayo de 2012

Elkarlaneko idazketa ikasgeletan

Pasaden hilabetean, apirilean, jaio berri den proiektu bat aurkeztu nahi dizuet. "Coompone" proiektuak elkarlaneko idazketaren bitartez ikasleek abestiak eta  olerkiak idatz ditzaten du helburu nagusitzat. 

"Coompone" web gunean olerki eta abestien letrak elkarlanean arituz eraikitzen dira erabiltzaileek egindako proposamenetatik abiatuz. Irakasleek olerki edo abesti bati hasiera eman diezaiokete gaia proposatuz edo lehenengo esaldia idatzita, era berean, ikasleek beraiek ere libreki gaia aukeratu dezakete.



Informazio gehiago nahi baduzu jo ezazu "Coompone"-ren web orrialdera:

Altxorraren bila

“Altxorraren bila” formatua oso ezaguna eta erraza da, IKT-en integrazioa geletan lortzeko eta Internet informazio iturri gisa erabiltzeko ikasgela lanerako. Horrelako lan proposamenek, batez ere, hizkuntza trebetasunak garatzen, web ulertzeko prozedurak hobetzen, datuak prozesatzen eta testu ekoizpena buruzko informazioa aurkitzen… laguntzen diete ikasleei. Ikasteko funtzionalitatea eta ikasleen parte-hartze aktiboa bermatzen dute, ikasleen benetako interesetan, gai erreal eta hurbiletan oinarritzen direlako.



Informazio gehiago eskuratu nahi baduzu jo ezazu ondorengo estekara:

miércoles, 9 de mayo de 2012

Teknologia berriak hezkuntzan

Jarraian aurkezten dizuedan bideoan Colombiako Araucaco departamentuko eskoletan abian ipini den hezkuntzarako teknologia berrien proiektu integratzailea aurkezten dizuet.




Hiritar Digitalen Nazioarteko Kongresua ospatu da Donostian maiatzak 8 eta 9an


Kongresu honek Internet eta ziberhiritartasunari buruz hausnarketa egiteko topagune izatea izan du helburu, lehen mailako adituen eskutik sare-gizarteak eskaintzen dizkigun aukeren inguruan eztabaidatu, hausnartu eta horiek ezagutu eta aprobetxatzeko aukera emanez. Hiritartasun Digitaleko Kongresuak etorkizuneko gizartea definitzeko orduan estrategikoak diren gaiak jarri ditu mahai gainean, besteak beste, hezkuntza-eredu berri baten diseinua, demokrazia parte-hartzailearen kontzeptuaren definizio berria, ea.
Hezkuntza 2.0 esparruan hauek dira xedeak:
- Eskolako eskemaren barruan eta irakasleek betetzen duten paperan IKT-ek duten eraginari buruz hausnarketa egitea, eredurik egokienak aztertuz.
    - Sareko mundu honetan dauden Unibertsitateek betetzen duten papera aztertzea eta bikaintasun eta lehiakortasun eredu bat sortzeko eredu posibleak definitzea.
      - Ikaskuntza informaleko dinamika berriak ezagutzea.
        - Ikasteko prozesuak hobetu ditzaketen tresna teknologikoak aztertzea: errealitate areagotua, telefono mugikorrak, eta abar.
          - e-Learning eredua analizatzea, hezkuntza zein enpresaren munduetan produktibitatea eta eraginkortasuna bultzatzeko tresna gisa.

          lunes, 7 de mayo de 2012

          Hausnarketa: bidea eraikitzen jarraitzen dut

          Jadanik maiatzean gaude eta ikasturtea bukatzear dago, hala ere, bidea eraikitzen jarraitzen dut. Egunero hezkuntza arloarekin erlazioa edo zerikusia daukaten teknlogia berrien inguruko artikuluak, bideoak, gauza deigarriak ... arakatzen saiatzen naiz. Horretarako, orduak ematen ditut ordenagailuaren aurrean, baina askotan ez dut oso argi izaten zein izan daitekeen egokiena zuekin partekatzeko edo zein izan daitekeen nire irakasle identitatearen eraikuntzan gehien lagun dezakeena. Beraz, bidea eraikitzen jarraitzen dut, baina bertan oztopoak ere agertzen dira. Alde batetik pertsonalak, osasunarekin lotuta, izan ere, azken hilabeteetan  ospitalerako joan-etorriak asko dira eta horrek lan erritmoa apurtzeaz gain arlo akademikoa nahiko nukeen baino oharkabean uztera behartu nau. Hala ere, azken txanpa denez indarrak nonnahi hartu eta aurrera jarraitzeko inoiz baino kementsuago nago. Beste alde batetik, bakarrik lan egitea ere kostatzen dela esan beharra daukat. Klaseko dinamikan parte ez hartzeak pena handia ematen nau, baina tira norberaren egoera onartu beharra dago eta azken finean, irakasleak irakasgaian parte harzteko eman digun aukera hau ahalik eta gehien aprobetxatu behar dugu.

          Animo ikaskide guztientzat, laster gure ametsa eskuratuko dugu, irakasle izango gara!

          domingo, 6 de mayo de 2012

          Teknografiaren harira

          Hasiera nahiko mistikoa den arren, jarraian aurkezten dizuedan bideoan gure lana, teknografia hain zuzen ere, indartzen, justifikatzen ... , zentsua ematen dioten hitzak esaten dira, izan ere, bertan irakaslearen etengabeko prestakuntzari garrantzia ematen zaio. Era berean, gure nortasunaren eraikuntzan gure bizitzan zehar bizi izandako momentu guztiek garrantzia dutela nabarmentzen da. Halaber, irakasleok etorkizuneko gizartean partaide izango diren haurren prestakuntzan daukagun paperaren trasdendentzia bermatzen da.


          sábado, 5 de mayo de 2012

          Sortze-matematikak Gauss Proiektuarekin

          Gauss Proiektuaren bidez irakasleok item didaktikoak eta kode-zabaleko Geogebra applets-ak eskura izango ditugu. Hauek lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailako eduki guztiak asetzen dituzte. Unitate hauek arbela digitalean zein ikasleek beraiek dauzkaten ordenagailuetan erabiltzeko diseinatuta daude.




          Informazio gehiago irakurri nahi baduzu kontsultatu ondorengo esteka, bertan materialak ikus ditzakezu!

          jueves, 3 de mayo de 2012

          Eduapps: Klik batean hezkuntzarako aplikazioak


          Eduapps-ek ipad-erako hezkuntza aplikazioak jasotzen dituen web gunea da. Bertan aplikazio guztiak hezkuntza etaparen arabera zein beste hainbat parametroen arabera antolatuta daudelarik. Web gune honen bidez, irakasleok curriculum-arekin erlazionatutako hezkuntza aplikazioak partekatzeko aukera izango dugu.





          Ikusi informazio gehiago: 

          domingo, 29 de abril de 2012

          Internet-en erabilera egokia

          Jarraian aurkezten dizkizuedan bideo didaktikoetan haurrei internetek izan ditzakeen arriskuak aurkezten zaizkie.



          Txateatzeko orduan babestu beharra dago:


          Webcamerak: alderdi positibo eta negatiboak:



          Pribatasuna daukazu sare sozialetan?


          Argitaratzen duzunak arriskuak ekar diezazuke:


          Gainontzeko pribatasuna ere zure eskuetan dago:


          Eguneroko bizitzan egiten ez baduzu, zergatik interneten bai?




          Teknografia: nire irakasle identitatea eraikitzen

          Zaila da oso norberari buruz hitz egitea, bakoitzaren istorioa hain da pertsonala ezen momentu batzuk betirako gordetzea nahiko genukeen, beraz, behar bada lotsak eta beldurrak eraginda, sentimenduak azaleratu ordez barruraino gordetzen ditugula dirudi.

          Hala ere, oraingo honetan, nire irakasle identitatearen eraikuntzan, nire etorkizunaren eraikuntzan, ahalegin handia egin eta prozesu honetan eragin duten momenturik garrantzitsuenak islatzen saiatuko naiz.

          Lehenengo pausuak lan honekin hasteko argazki eta irudi egokiak aukeratu eta ondoren “movie maker”-rean muntaia egiterako orduan hasi ziren komeriak. Zailtasun guzti horiek gainditu ostean hemen aurkezten dizuet nire bizitzaren zati txiki baten pelikula:




          1. Etapa: Familia eta eskola

          Nire herriak, Artziniegak, berebiziko garrantzia izan du nire etorkizunaren eraikuntzan. Herri txikia, betiko herria, biztanle guztiok ezagunak eta umeok herrian zehar aise ibiltzeko aukera genuelarik. Gauzak horrela, lehenengo pausuak autonomiaz beterik egon ziren nire nortasuna eta nire ezagutzak eraikitzeko sormena eta arakatzea ezinbesteko premisak izan zirelarik. Horrela bada, prozesu luze eta polit honetan zehar, jolastea ezinbesteko ekintza izan zen. Gure jolasetan adin desberdinetako haurrak elkartzen ginen eta normalean taldean oso ondo moldatzen ginen nagusienak txikienen ardura hartzen genuelarik, eta euren “zaintzaile” eta “babesle” bilakatzen ginen, gauzak irakasteaz arduratzen ginelarik: herriko hainbat txoko miatzen genituen, mendira eta ibaira joaten ginen, … garai ederra benetan, inoiz ahaztuko ez dudana eta betirako bihotzean gordeko dudana!

          Baina, behar bada nire bizitzako lehengo urte hauetan garrantzirik handieneko bizipenak eta momentuak familian eta eskolan kokatzen dira:

          Familia nire etorkizunaren eraikuntzan oso euskarri garrantzitsua izan da, egun ere bada eta etorkizunean ere izango delakoan nago. Ama eta aita, ahizpa, aitita-amamak, izeko-osabak, lehengusu-lehengusinak …

          Ama, lanbidez ere irakasle urte askotan zehar eta eskolako bizitzan oso inplikatuta egon da beti.
          Osaba Jose Mari ere, ingelerako eta lehen hezkuntzako irakaslea nuen eta haren alaba nagusia, nire lehengusina Mari Jose, alegia, lehen hezkuntzako irakasle ere. Lehengusina, nire eskolan egon zen irakasle, ahizparen irakasle izan zen, eta niri ere hainbat jakintza irakatsi zizkidan.

          Ahizpa nire lehengo “ikaslea” izan delakoan nago, hark asko ikasi zuen nirekin, ni neu izan nintzen haren etorkizunaren eraikuntzan gidaria.

          Eskolari dagokionez, txikitan egunero oso pozik joaten nintzela aipatu beharra daukat, asko gustatzen zitzaidan, asko ikasten nuen … Bizitako momentu asko dauzkat oroimenean gordeta, gehienbat, Nekane, Yolanda eta Marian andereñoekin. Nekane, haur hezkuntzako irakaslea, nire erreferentea izan zen garai hartan, nire bigarren “ama” zen eta egun nire irakasle identitatearen eraikuntzan ere protagonismo itzela duela esan beharra daukat. Berarekin txikitan asko ikasi nuen, bai arlo akademikoari dagokionez, bai eginkizun sozialera eta azken finean pertsona bezala gizartean integratzeari eta autonomiari dagokionez ere. Eta ez hori bakarrik, practicum-ean berarekin aritu naiz elkarlanean. Aukera bikaina izan da honako hau, izan ere, eskolan sortzen diren egoera guztiei irtenbidea ematen irakasten saiatu baita. Esperientziak elkartrukatu ditugu, bera bere jakintza transmititzen saiatu da; gomendioak eman dizkit, gela batean egunerokotasunean sortzen diren hainbat egoerei aurre egiteko estrategiak eta baliabideak azaldu dizkit …  oso modu atseginean, eta ni jakintza hori nire etengabeko prestakuntzan integratzen saiatu naiz.

          Eskola garaian ere, lehenengo mailan hasi nintzen kirola praktikatzen, bakarkakoa (karatea eta atletismoa) eta taldekoa (futbola). Irakaslea berbera hiru kiroletan, maisua gainera, eskola garaian izandako gizonezko bakarra. Garai honetan hasi nintzen barneratzen lan eginez eta kemenarekin nahi duzun hori lortu dezakezula.

          Euskal kultura eta tradizioa ere, nirekin bizi izan dira txikia nintzenetik etxekoak gure betiko ondarea transmititu didatelarik. Haur hezkuntza garaian ekin nion dantzatzeari  eta horretan ibili nintzen unibertsitatean hasi arte. Txikien irakaslea izatea ere atseginez hartzen nuen “papera” izan zen garai hartan.

          2. Etapa: aldaketarako garaia

          Oso momentu garrantzitsua izan zen honako hau, nire herritik eskualdeko beste herri handiago batera ikastera joatea, betiko eskolatik, Arteko Gure Ama, Amurrioko institutura, Zaraobe.

          Nolabait haur garaia atzean utzi eta nerabezarorantz lehenengo pausuak eman nitueneko garaia izan zen. Nire izaera betikoa, ikasketetan oso arduratsua eta eguneroko bizitzan oso pertsona aktiboa, nekaezina.

          Eskolan ez bezala institutuko irakasleekin harremana ez zen hain estua. Hala ere, DBHko lehenengo eta bigarren mailako tutorea, Flora, oso berezia izan zen niretzat. Geroko beste irakasle batzuk ere nire oroimenean gordetzen ditut, Juanjo, Rosita, Joseba, Tere, Marika …, asko irakatsi baitzidaten. Irakasle hauetatik guztietatik ekarpenen bat, bertute on bat nabarmendu eta nire irakasle identitatearen eraikuntzan lagungarriak izaten ari diren zenbait momentu, egoera, bizipen integratzen saiatzen ari naiz.

          Institutuan jende berri asko ezagutu nuen. Herrian ez zegoen lagunak aukeratzerik, ginenak ginen eta elkarrekin egoten ginen nahiz eta elkarrekin ez oso ondo moldatu edo antzeko afizioak ez eduki. Amurrion oso lagun onak egin nituen, neskak eta mutilak, nire antzeko izaera dutenak eta elkarrekin aspektu asko partekatzen ditugunak. Ikasketa bidaian egun nire mutil laguna denarekin hasi nintzen, nire etorkizuneko erabaki guztietan euskarri garrantzitsua izan den pertsona, alegia.
          2002ko otsaila zen eta unibertsitatean aurre matrikula egiteko epea zabalik zegoen, aukeratzeko garaia beraz. Hala ere, nik ez neukan batere argi zer ikasi, ez nuen oso argi etorkizunean zer izan nahi nuen: mediku, kimikari, irakasle … eta azkenean, selektibitatea egin ostean, matrikula egitera joan eta Ingurugiro Zientzietan egin nuen matrikula. Zergatik? Ba oraindik ere ez daukat oso argi, baina egun ziur nago erabaki okerra egin nuela, nire bidetik atera nintzela.

          3. Etapa: Ingurugiro Zientziak
          Etapa berri baten hasiera izan zen hau, herria eta institutua utzi eta Gasteizera ikastera joan, heldutasunerako bidea. Baina, ez soilik Gasteiza ikastera joan, bizitzera ere bertara joan nintzen.
          Hasiera hasieratik ez zitzaidan batere gustatu hiriko bizimodua, zarata, eraikin handiak, jende guztia ezezaguna … ez nintzen zeharo inoiz egokitu. Astelehen goizetan ostirala noiz helduko zen itxaroten egoten nintzen uneoro.

          Unibertsitatean ere ez nuen asko gozatu. Klaseetara eta praktiketara egunero joaten nintzen, irakasleak hemen ez ziren oso hurbilak, hesi bat egongo balitz bezala zirudien, eurek klasea eman eta guk apunteak hartu, hori egunero lau urtetan zehar. Irakasle berezi bakarra gogoratzen dut garai honetakoa, Mirari, kimika organikoa irakasten zigun, bere lehenengo urtea unibertsitatean eta aurretik urte asko institutuetan egondakoa. Berarekin bai, asko ikasi nuen eta gustura.

          Nahiz eta urterik urtera irakasgai guztiak gainditzen joan lehengo maila amaitzerakoan karrera uzteko zorian egon nintzen ez baituen gustuko, ez zen nik espero nuena … etxean beste gauza bat ikasi nahi banuen garaian nengoela esaten zidaten arren neure burugogorkeriak eraginda ikasketak hasi eta bukatu nituen.

          Ingurugiro ikasi bitartean udan umeekin lan egiten monitore. Honako hauek izan ziren nire lehengo urratsak umeen mundu konplexu honetan. Ederki pasatzen nuen, ekintzak planifikatu, materiala prestatu, jarduerak gauzatu … umeek asko eskaini zidaten lehengo hurbilketa hartan.

          Hala ere, ikasketak amaitu eta hurrengo ekainean enpresa batetik deitu eta lanean hasi nintzen.
          Erabaki egokia edo okerreko bidea ote?

          4. Etapa: Lan mundua eta ikasketak

          Lan munduko lehengo esperientzia ur enpresa batean izan zen, bertan ia hiru urte eman nituen eta lanak eskatuta masterra egiteari ekin nion. Hori bai garai latza! Astean zehar lanean eta asteburuetan berriro ere unibertsitatera. Ingurugiro Zientzietan bezalaxe, irakasgaiak gainditzea ez zen gatza izan, baina ez ninduen asetzen.

          Garai honetan ere hasi nintzen euskara eta fisikako klase partikularrak ematen nire herrian bizi zen institutu garaiko irakasle batek, Marikak, eskatuta. Hasiera batean ez nuen nire burua gai ikusten, baina behin beldurrak gaindituta oso gustura prestatzen eta ematen nituen klaseak, azken finean niretzako esfortzu “extra” bat suposatu arren. Hemendik bide egokitik nindoan!

          2009ko martxoan egun nire irakasle-eskolako ikaskidea eta laguna den Amaia B. magisteritza ikasiko zuela esan zidan. Hona hemen nire aukera! Kontratua berritzea tokatzen zitzaidan eta enpresako nagusiak egindako eskaintza onartu ez eta lana utzi nuen. Dena den, kasualitateak kasualitate urte horretako ekainean unibertsitateko irakasle batek deitu ninduen Enkarterrietako Landa Garapen Agentzian teknikari bat behar zutela esanez. Lan elkarrizketara joan nintzen konpromisoagatik, baina bizitza holakoa da eta ni aukeratu ninduten lanposturako. Beraz, berriro ere izugarrizko nahaste-borrastea: lana, partikularrak eta haur hezkuntza irakasle ikasketak. Are gehiago, 2010eko maiatzean pisua tokatu zitzaidan eta lanari ezin uko egin. Langabezian eman ditudan hilabeteak klasera joan izan naiz. Etxean gogorra egiten da bakarrik dena ikastea soilik azterketa gainditzeko, baina klase garaian asko disfrutatu dut. Klaseak oso dinamikoak, parte hartzaileak, talde-lana etengabeko premisa … eta practicuma, konfirmazioaren garaia! Eskolako errealitatean murgildurik bizi ondoren oso gogorra egiten ari zait nire egungo ingurugiro teknikari lana aurrera eramatea, gorrotatzen hasia nagoelakoan nago.

          Nire bizitzako azken urte hauetan maizter bat agertu da, gaixotasuna. Hala ere, umeekin nagoenean mina burutik joaten zait, beraz, honako premisa hau jarraitzea erabaki dut: bizitza beste modu batean ikusi beharra dago, une bakoitza oso garrantzitsua baita, beraz, ez da denbora alferrik galdu behar eta bilatu nahi duzuna aurkitzen ez duzunean zure bidea bilatzen jarraitu behar duzu, beldurra eta zalantza guztiak alde batera utzita.

          Lortu nahi duzuna eskatu beharrean, erregutu beharrean nahi duzuna eskuratzeko lan egizu, borrokatu. Ez egon loria edo ordainsariaren bila, mirariak ez dira existitzen. Beraz, norberaren etorkizunaren eraikuntza lan eginez lortzen da, amesten duzun hori ganoraz lor daiteke.

          Hauxe izan da nire teknografia, nire irakasle identitatearen eraikuntzaren prozesua, nire betidaniko bokazioa azaleratzeko bidea, hain zuzen ere.

          IRAKASLE IDENTITATEAREN ERAIKUNTZA:

          “ Ezina ekinez egina”
          “Etorkizunerantz pausu egokiak emanez, bide egokitik igarotzen”




          domingo, 22 de abril de 2012

          Hausnarketa: Hezkuntza Sistemaren Krisia

          Gaurko hausnarketari hasiera emateko honako bideo hau aurkeztu nahi dizut, 


          Aste honetan bertan, Espainia Gobernuko Hezkuntza Ministroa den José Ignacio Vertek hezkuntzan 3.000 milioi euroko murrizketa egiteko hartu beharreko neurriak aurkeztu ditu.

          Besteak beste, ikasgelako ikasle kopurua handitzea, irakasleen irakas-orduak gehiago izatea eta unibertsitateko matrikulak garestitzea dira mahai gainean jarri diren proposamenetako batzuk.

          Ezin izango dira osagarri berriak ordaindu, ez dira hamar egun baino gutxiagoko bajak beteko, 2.000 orduko lanbide prestakuntzako moduluak 2014-2015 ikasturtera atzeratuko dituzte eta ikasketa zentroek ez dituzte derrigorrez batxilergoko hiru eredutatik bi eskaini beharko.


          "Neurri horiek, bere iritziz, eta erkidego gehienen iritziz, ez dute hezkuntzaren estalduran eta kalitatean eraginik izango, eta ez diote ekitateari eragingo", gaineratu du Wertek. Era berean, "malgutasunean oinarritutako neurriak" direla esan du eta "bakoitzaren egoera zehatzera moldatu" daitezkeela adierazi du.
          Nire ustez, neurri hauekin guztiekin hezkuntzaren kalitateari zuzenean eragingo zaio, izan ere, gela bakoitzean egongo den ikasle kopurua handiagoa izango den heinean irakasleak ikasle bakoitzari eskani diezaioken arreta murriztu egingo da, ikasleen beharrizanak kaltetuz, arreta pertsonalizatua, beraz, ezingo da bermatu.
          Era berean, irakasleek lanordu gehiago izango dituztela adierazi da. Gauzak horrela, klaseak prestatzeko denbora gutxiago izango dute, zuzenketak egiteko denbora gutxiago ere, eta gainera irakasle gutxiago egongo direnez ikastordu gehiago eskaini beharko dituzte.
          Irakasleen prestakuntza ere, kaltetua izango omen da eta 2014-2015 kurtsorarte ez da formakuntza modulurik eskainiko.
          Gainera, irakasleen bajak ez dira hamargarren egunerarte beteko eta soldataren osagarriak ez dira kobratuko.
          Beraz, argi dago, hezkuntzari erreforma honek kalte handia egingo duela. Nolabait, pasaden mendeko irakaskuntzara bueltatzea dakar. Are gehiago, gehienbat neurri hauek guztiak sare publikoko ikastetxeetan aplikatuko dira, horrela bada, heziketa publikoaren kalitatea jaitsiz. Badirudi dirudunak bakarrik izango dutela kalitatezko hezkuntza jasotzeko eskubidea, eta dirurik eduki ezean jasotako hezkuntzaren kalitatea ez da batere aproposa izango.

          jueves, 19 de abril de 2012

          Zeinu hizkuntza: pertsona gorren isolamendua hausteko baliatu nahi ditu QR kodeak Ikun enpresak

          Pertsona gor gehienek irakurtzen eta idazten dutenaren %20 baino ez dute ulertzen. Izan ere, zeinu hizkuntza da gorrek informazioa bereganatzeko daukaten baliabiderik onena. Bilboko Ikun enpresak egunotan hain modan jartzen ari diren QR kodeak baliatu nahi ditu idatzitako informazioa zeinu hizkuntzara egokitu eta bideo formatuan entzumen arazoak dituztenei eskaintzeko.

          Amagoia Mujika
          2012ko Apirilaren 13a
          Egoitza Bilbon duen Ikun enpresak proiektu berezi bat dauka esku artean; idatziz dauden edukiak pertsona gorrentzako egokiak eta ulergarriak egitea helburu duen proiektua. Janire Alonso interpretea da eta Iñigo Perez diseinatzaile grafikoa eta teknologia berrietan aditua. Bi mundu elkartu eta biek batera bide interesgarria ibil dezaketela ikusita abiatu dute egitasmoa.
          Haurrengan eta hezkuntza munduan dituzte begiak jarrita bereziki. Izan ere, Janire Alonsoren hitzetan «hezkuntza sistemak historian zehar izan dituen gabeziengatik eta egokitzapen faltagatik, entzuleen aldean hezkuntza maila atzeratuagoa daukate pertsona gorrek. Batez ere irakurketa eta idazketa mailan».
          Ahozko hizkuntzaren egitura eta zeinu hizkuntzarena erabat desberdinak dira. «Hala ere, gorren hezkuntzan historikoki erabili izan den hezkuntza eredua pertsona entzuleekin erabilitako bera izan da. Ondorioz, pertsona gor batek idatzitako testu bat hartzen duenean –izan gaztelerez, euskaraz edo beste edozein hizkuntzan– ez du apenas ulertzen», jarraitu du Alonsok berak.
          Datu orokorren arabera, pertsona gor gehienek irakurtzen eta idazten dutenaren %20 baino ez dute ulertzen. Horregatik, profesionalek garbi dute zeinu hizkuntza dela gorrek informazioa jasotzeko daukaten baliabiderik onena, hori dela hizkuntza bereganatzeko eta ezagutza orokorrak barneratzeko «bitarteko hizkuntza» egokiena. «Hitzak eta esaldi errazak uler ditzake pertsona gor batek. Baina hizkuntzak egitura oso konplexua dauka eta mendeko esaldiekin hasi orduko galdu egiten da. Eta hiztegi mailan ere eskasia dute», agertu du Janire Alonsok. «Egia da urte batzuetatik hona aurrerapenak egin direla eta zeinu hizkuntzako interpretea sartu dela hezkuntzan, baina historikoki hezkuntza sistemak ez dio behar duen garrantzia eman zeinu hizkuntzari eta oraindik asko dago egiteko alor horretan», segitu du. Egin beharreko horietako bat, dagoen hutsunetako bat, materialari dagokiona da, ez baitago zeinu hizkuntzan oinarritutako materialik.
          QR sistema
          Hartara, eta teknologia lagun, dezente ahaztua izan den kolektibo horrengan jarri dute arreta Ikunekoek. Eta horretarako gaur egun asko zabaltzen ari diren QR sistemak aukeratu dituzte. «QR kodeek web lotura bat bezala funtzionatzen dute. Horiekin web helbide batera irits zaitezke eta gune horretan edozer gauza jar dezakezu: argazkiak, testu idatziak, bideoak... Guk ikusi genuen QR sistema oso erabilgarria izan daitekeela pertsona gorrentzako».
          Gero eta gehiago ari dira zabaltzen QR kodeak. «Gaur egun batez ere publizitate mailako erabilpena ematen zaie. Normalean, enpresa baten webgunera zaramatza QR kodeak. Ez zaio benetako erabilgarritasuna ematen. Gure proiektuarekin benetako erabilgarritasuna eman nahi diogu. Gorrek informazioa jasotzeko hainbeste oztopo izanda, aukera paregabea ikusi dugu QR kodeetan modu errazean eta sinplean informazioa berentzat ulergarria den moduan helarazteko».
          Ikunekoek proposatzen duten ariketa honakoa da: lehendabizi testua zeinu hizkuntzara egokitu eta hori bideo batean jasotzea; eta, ondoren, QR kode baten bidez testutik bideorako lotura egitea. «Sistema hori erabiliz material didaktikoa zeinu hizkuntzara egokitzea da gure proiektuaren helburua», azaldu du Iñigo Perezek.
          Gainera, proposatzen duten ereduak funtzio bikoitza dauka; «batetik, zeinu hizkuntzaren bidez testuaren ulermenean laguntzen dio pertsona gorrari, eta, bestetik, testua bera eskura daukanez, irakurketa ere landu eta hobetu dezake», segitu du Perezek. Beraz, sistema mistoa da proposatzen dutena, bere baitan zeinu hizkuntza eta hizkuntza idatzia hartzen dituena. «Onena izango litzateke pertsona gorrak elebidunak izatea, hau da, ahozko hizkuntzaren eta zeinu hizkuntzaren bidez jasotako informazioa bateratzea. Eta hori da proiektu honen asmoetako bat».
          QR kode bat irakurri ahal izateko nahikoa dira telefono edo dispositibo eramangarri bat eta Interneteko konexioa. Badira QR kode irakurgailua daukaten telefonoak edo gailuak eta bestela dohainik aktiba daiteke kodeen irakurketarako aplikazioa. «Telefonoarekin kodea harrapatu eta segundo batzuetan kargatzen du bideoa. Erraza eta azkarra da», esan du Perezek.
          Dagoeneko egin dituzte saio batzuk zenbait material didaktiko zeinu hizkuntzara egokitzen. «Abiatzen ari gara, batzuekin eta besteekin hitz egiten. Bizi ditugun garaiotan ez da erraza inor abentura berrietan abiatzea, baina tira. Urtxintxarekin, Ikastolen Elkartearekin, Pirritx eta Porrotxekin aritu gara hizketan eta gustatu zaie ideia. Urtxintxa Bilboko aisialdi eskolarekin bai abiatu dugu elkarlana. Epe laburrean ipuin bilduma bat kaleratuko dute eta ipuin horiek QR kodeak izango dituzte, zeinu hizkuntzara egokitutako bideoetara iristeko», jarraitu du Alonsok.
          Bidean abiatzen ari direla esan daiteke, pertsona gorrek bizi duten isolamendua teknologia berrien laguntzarekin hausteko asmoa duen proiektuarekin. «Ez da erraza izango, krisi garaian gutxiengo baten beharrak bigarren maila batera pasatzen direlako», bukatu du Janire Alonsok.
          Iturria: Gara

          Hiritar digitalen nazioarteko kongresua


          Informazioa bilatzeko, harremanak egiteko, negozioetarako, ikasteko edota garapen pertsonalerako ezinbesteko bilakatu da Internet. Horrenbestez, erronka berriak sortu dira Sarearen inguruan,teknologiaren erabilerak duen izaera instrumentaletik harago doazenak.
          Sareari konektatuta dauden hiritarrak gero eta gehiago diren heinean eta tresna teknologikoen erabilera gero eta handiagoa den heinean, orduan eta azkarrago hurbiltzen ari gara sare-gizartea delakora.  Horren ondorioz, gure bizitzako alderdirik oinarrizkoenak aldatzen ari dira: besteak beste,eskola, gure artean erlazionatzeko modua, agintari eta herritarren arteko harremana eta ekonomia eta lehiakortasuna.
          Testuinguru honen aurrean, Internetek tresna izaera ez ezik bestelako izaera bat duela esan dezakegu eta, horrez gainera, hiritar digital bilakatzeak ekarriko dituen ondorioei buruz hausnarketa egin beharko genuke. Izan ere, hiritartasun digitaleko hiritarrak norbanako ala enpresa gisa sarean eta sarearekin integratuta daudenak dira, euren gaitasunei etekin ateratzen dietenak eta, aldi berean, sortzen diren egoera, arau eta erronkei aurre egiten dietenak.
          Hiritartasun Digitaleko Nazioarteko Kongresuak Interneti eta ziberhiritartasunari buruz hausnarketa egiteko topagune izatea du helburu, lehen mailako adituen eskutik sare-gizarteak eskaintzen dizkigun aukeren inguruan eztabaidatu, hausnartu eta horiek ezagutu eta aprobetxatzeko aukera emanez. Hiritartasun Digitaleko Kongresuak etorkizuneko gizartea definitzeko orduan estrategikoak diren gaiak jarri nahi ditu mahai gainean, besteak beste, hezkuntza-eredu berri baten diseinuademokrazia parte-hartzailearen kontzeptuaren definizio berriaIKT arriskuen prebentzioa, bitarteko sozialen hazkuntza, negozio eta lehiakortasuna sustatzeko tresna berriak eta talentua plazaratzea.
          III. Hiritartasun Digitaleko Nazioarteko Kongresuaren izenburu nagusia honakoa izango da: DESIKASTEN IKASTEN. Izan ere, teknologia eta sareek duten eragin disruptiboa dela eta, orain arte ikasi duguna zalantzan jarri eta zaharkituta gelditu diren kontzeptuak alde batera utzi behar ditugu kontzeptu berriei ongietorria emate aldera. Hots, edalontzia hustu, berriro bete ahal izateko.
          Kontzeptuz osatutako aterki honen gerizpean, aurtengo Kongresua lau atal nagusitan banatuko da: SOZIALMEDIA, ENPRESA ETA LEHIAKORTASUNA, 2.0 HEZKUNTZA eta GOBERNANTZA ETA HIRITARTASUNAKongresuarekin batera, ordea, beste zenbait ekitaldi ospatuko dira: CICD STARTUP COMPETITION izenekoak, esate baterako, ekintzailearen irudia bultzatzea du helburu, ekintzaileek egindako proiektuak inbertitzaileekin harremanetan jartzea ahalbidetuz; OPEN DATA EUSKADI EGUNAk, berriz, Gobernu Irekiaren alde Euskadik egin duen apustuak Europa mailan errekonozimendu handia jaso duela goraipatzea izango du xedetzat.
          Hori guztia maiatzaren 8 eta 9a bitartean gertatuko da, Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian. Aldi berean, networking eta aisia oinarri izango dituzten hainbat ekitalditan parte hartzeko aukera izango dute kongresuan parte hartzen dutenek: horien artean, COCKTAILS & JAZZ ekimen sendoa eta CLOUD GASTRONOMY apustu berritzailea nabarmendu behar dira. Baina horiez gainera, beste hamaika sorpresa izango dira ezagutza eta networking-a garatzeko aukera emango duten bi egun hauetan zehar.
          Informazio gehiago kontsultatu nahi baduzu: http://www.congresociudadaniadigital.com/es/index.php