domingo, 29 de abril de 2012

Teknografia: nire irakasle identitatea eraikitzen

Zaila da oso norberari buruz hitz egitea, bakoitzaren istorioa hain da pertsonala ezen momentu batzuk betirako gordetzea nahiko genukeen, beraz, behar bada lotsak eta beldurrak eraginda, sentimenduak azaleratu ordez barruraino gordetzen ditugula dirudi.

Hala ere, oraingo honetan, nire irakasle identitatearen eraikuntzan, nire etorkizunaren eraikuntzan, ahalegin handia egin eta prozesu honetan eragin duten momenturik garrantzitsuenak islatzen saiatuko naiz.

Lehenengo pausuak lan honekin hasteko argazki eta irudi egokiak aukeratu eta ondoren “movie maker”-rean muntaia egiterako orduan hasi ziren komeriak. Zailtasun guzti horiek gainditu ostean hemen aurkezten dizuet nire bizitzaren zati txiki baten pelikula:




1. Etapa: Familia eta eskola

Nire herriak, Artziniegak, berebiziko garrantzia izan du nire etorkizunaren eraikuntzan. Herri txikia, betiko herria, biztanle guztiok ezagunak eta umeok herrian zehar aise ibiltzeko aukera genuelarik. Gauzak horrela, lehenengo pausuak autonomiaz beterik egon ziren nire nortasuna eta nire ezagutzak eraikitzeko sormena eta arakatzea ezinbesteko premisak izan zirelarik. Horrela bada, prozesu luze eta polit honetan zehar, jolastea ezinbesteko ekintza izan zen. Gure jolasetan adin desberdinetako haurrak elkartzen ginen eta normalean taldean oso ondo moldatzen ginen nagusienak txikienen ardura hartzen genuelarik, eta euren “zaintzaile” eta “babesle” bilakatzen ginen, gauzak irakasteaz arduratzen ginelarik: herriko hainbat txoko miatzen genituen, mendira eta ibaira joaten ginen, … garai ederra benetan, inoiz ahaztuko ez dudana eta betirako bihotzean gordeko dudana!

Baina, behar bada nire bizitzako lehengo urte hauetan garrantzirik handieneko bizipenak eta momentuak familian eta eskolan kokatzen dira:

Familia nire etorkizunaren eraikuntzan oso euskarri garrantzitsua izan da, egun ere bada eta etorkizunean ere izango delakoan nago. Ama eta aita, ahizpa, aitita-amamak, izeko-osabak, lehengusu-lehengusinak …

Ama, lanbidez ere irakasle urte askotan zehar eta eskolako bizitzan oso inplikatuta egon da beti.
Osaba Jose Mari ere, ingelerako eta lehen hezkuntzako irakaslea nuen eta haren alaba nagusia, nire lehengusina Mari Jose, alegia, lehen hezkuntzako irakasle ere. Lehengusina, nire eskolan egon zen irakasle, ahizparen irakasle izan zen, eta niri ere hainbat jakintza irakatsi zizkidan.

Ahizpa nire lehengo “ikaslea” izan delakoan nago, hark asko ikasi zuen nirekin, ni neu izan nintzen haren etorkizunaren eraikuntzan gidaria.

Eskolari dagokionez, txikitan egunero oso pozik joaten nintzela aipatu beharra daukat, asko gustatzen zitzaidan, asko ikasten nuen … Bizitako momentu asko dauzkat oroimenean gordeta, gehienbat, Nekane, Yolanda eta Marian andereñoekin. Nekane, haur hezkuntzako irakaslea, nire erreferentea izan zen garai hartan, nire bigarren “ama” zen eta egun nire irakasle identitatearen eraikuntzan ere protagonismo itzela duela esan beharra daukat. Berarekin txikitan asko ikasi nuen, bai arlo akademikoari dagokionez, bai eginkizun sozialera eta azken finean pertsona bezala gizartean integratzeari eta autonomiari dagokionez ere. Eta ez hori bakarrik, practicum-ean berarekin aritu naiz elkarlanean. Aukera bikaina izan da honako hau, izan ere, eskolan sortzen diren egoera guztiei irtenbidea ematen irakasten saiatu baita. Esperientziak elkartrukatu ditugu, bera bere jakintza transmititzen saiatu da; gomendioak eman dizkit, gela batean egunerokotasunean sortzen diren hainbat egoerei aurre egiteko estrategiak eta baliabideak azaldu dizkit …  oso modu atseginean, eta ni jakintza hori nire etengabeko prestakuntzan integratzen saiatu naiz.

Eskola garaian ere, lehenengo mailan hasi nintzen kirola praktikatzen, bakarkakoa (karatea eta atletismoa) eta taldekoa (futbola). Irakaslea berbera hiru kiroletan, maisua gainera, eskola garaian izandako gizonezko bakarra. Garai honetan hasi nintzen barneratzen lan eginez eta kemenarekin nahi duzun hori lortu dezakezula.

Euskal kultura eta tradizioa ere, nirekin bizi izan dira txikia nintzenetik etxekoak gure betiko ondarea transmititu didatelarik. Haur hezkuntza garaian ekin nion dantzatzeari  eta horretan ibili nintzen unibertsitatean hasi arte. Txikien irakaslea izatea ere atseginez hartzen nuen “papera” izan zen garai hartan.

2. Etapa: aldaketarako garaia

Oso momentu garrantzitsua izan zen honako hau, nire herritik eskualdeko beste herri handiago batera ikastera joatea, betiko eskolatik, Arteko Gure Ama, Amurrioko institutura, Zaraobe.

Nolabait haur garaia atzean utzi eta nerabezarorantz lehenengo pausuak eman nitueneko garaia izan zen. Nire izaera betikoa, ikasketetan oso arduratsua eta eguneroko bizitzan oso pertsona aktiboa, nekaezina.

Eskolan ez bezala institutuko irakasleekin harremana ez zen hain estua. Hala ere, DBHko lehenengo eta bigarren mailako tutorea, Flora, oso berezia izan zen niretzat. Geroko beste irakasle batzuk ere nire oroimenean gordetzen ditut, Juanjo, Rosita, Joseba, Tere, Marika …, asko irakatsi baitzidaten. Irakasle hauetatik guztietatik ekarpenen bat, bertute on bat nabarmendu eta nire irakasle identitatearen eraikuntzan lagungarriak izaten ari diren zenbait momentu, egoera, bizipen integratzen saiatzen ari naiz.

Institutuan jende berri asko ezagutu nuen. Herrian ez zegoen lagunak aukeratzerik, ginenak ginen eta elkarrekin egoten ginen nahiz eta elkarrekin ez oso ondo moldatu edo antzeko afizioak ez eduki. Amurrion oso lagun onak egin nituen, neskak eta mutilak, nire antzeko izaera dutenak eta elkarrekin aspektu asko partekatzen ditugunak. Ikasketa bidaian egun nire mutil laguna denarekin hasi nintzen, nire etorkizuneko erabaki guztietan euskarri garrantzitsua izan den pertsona, alegia.
2002ko otsaila zen eta unibertsitatean aurre matrikula egiteko epea zabalik zegoen, aukeratzeko garaia beraz. Hala ere, nik ez neukan batere argi zer ikasi, ez nuen oso argi etorkizunean zer izan nahi nuen: mediku, kimikari, irakasle … eta azkenean, selektibitatea egin ostean, matrikula egitera joan eta Ingurugiro Zientzietan egin nuen matrikula. Zergatik? Ba oraindik ere ez daukat oso argi, baina egun ziur nago erabaki okerra egin nuela, nire bidetik atera nintzela.

3. Etapa: Ingurugiro Zientziak
Etapa berri baten hasiera izan zen hau, herria eta institutua utzi eta Gasteizera ikastera joan, heldutasunerako bidea. Baina, ez soilik Gasteiza ikastera joan, bizitzera ere bertara joan nintzen.
Hasiera hasieratik ez zitzaidan batere gustatu hiriko bizimodua, zarata, eraikin handiak, jende guztia ezezaguna … ez nintzen zeharo inoiz egokitu. Astelehen goizetan ostirala noiz helduko zen itxaroten egoten nintzen uneoro.

Unibertsitatean ere ez nuen asko gozatu. Klaseetara eta praktiketara egunero joaten nintzen, irakasleak hemen ez ziren oso hurbilak, hesi bat egongo balitz bezala zirudien, eurek klasea eman eta guk apunteak hartu, hori egunero lau urtetan zehar. Irakasle berezi bakarra gogoratzen dut garai honetakoa, Mirari, kimika organikoa irakasten zigun, bere lehenengo urtea unibertsitatean eta aurretik urte asko institutuetan egondakoa. Berarekin bai, asko ikasi nuen eta gustura.

Nahiz eta urterik urtera irakasgai guztiak gainditzen joan lehengo maila amaitzerakoan karrera uzteko zorian egon nintzen ez baituen gustuko, ez zen nik espero nuena … etxean beste gauza bat ikasi nahi banuen garaian nengoela esaten zidaten arren neure burugogorkeriak eraginda ikasketak hasi eta bukatu nituen.

Ingurugiro ikasi bitartean udan umeekin lan egiten monitore. Honako hauek izan ziren nire lehengo urratsak umeen mundu konplexu honetan. Ederki pasatzen nuen, ekintzak planifikatu, materiala prestatu, jarduerak gauzatu … umeek asko eskaini zidaten lehengo hurbilketa hartan.

Hala ere, ikasketak amaitu eta hurrengo ekainean enpresa batetik deitu eta lanean hasi nintzen.
Erabaki egokia edo okerreko bidea ote?

4. Etapa: Lan mundua eta ikasketak

Lan munduko lehengo esperientzia ur enpresa batean izan zen, bertan ia hiru urte eman nituen eta lanak eskatuta masterra egiteari ekin nion. Hori bai garai latza! Astean zehar lanean eta asteburuetan berriro ere unibertsitatera. Ingurugiro Zientzietan bezalaxe, irakasgaiak gainditzea ez zen gatza izan, baina ez ninduen asetzen.

Garai honetan ere hasi nintzen euskara eta fisikako klase partikularrak ematen nire herrian bizi zen institutu garaiko irakasle batek, Marikak, eskatuta. Hasiera batean ez nuen nire burua gai ikusten, baina behin beldurrak gaindituta oso gustura prestatzen eta ematen nituen klaseak, azken finean niretzako esfortzu “extra” bat suposatu arren. Hemendik bide egokitik nindoan!

2009ko martxoan egun nire irakasle-eskolako ikaskidea eta laguna den Amaia B. magisteritza ikasiko zuela esan zidan. Hona hemen nire aukera! Kontratua berritzea tokatzen zitzaidan eta enpresako nagusiak egindako eskaintza onartu ez eta lana utzi nuen. Dena den, kasualitateak kasualitate urte horretako ekainean unibertsitateko irakasle batek deitu ninduen Enkarterrietako Landa Garapen Agentzian teknikari bat behar zutela esanez. Lan elkarrizketara joan nintzen konpromisoagatik, baina bizitza holakoa da eta ni aukeratu ninduten lanposturako. Beraz, berriro ere izugarrizko nahaste-borrastea: lana, partikularrak eta haur hezkuntza irakasle ikasketak. Are gehiago, 2010eko maiatzean pisua tokatu zitzaidan eta lanari ezin uko egin. Langabezian eman ditudan hilabeteak klasera joan izan naiz. Etxean gogorra egiten da bakarrik dena ikastea soilik azterketa gainditzeko, baina klase garaian asko disfrutatu dut. Klaseak oso dinamikoak, parte hartzaileak, talde-lana etengabeko premisa … eta practicuma, konfirmazioaren garaia! Eskolako errealitatean murgildurik bizi ondoren oso gogorra egiten ari zait nire egungo ingurugiro teknikari lana aurrera eramatea, gorrotatzen hasia nagoelakoan nago.

Nire bizitzako azken urte hauetan maizter bat agertu da, gaixotasuna. Hala ere, umeekin nagoenean mina burutik joaten zait, beraz, honako premisa hau jarraitzea erabaki dut: bizitza beste modu batean ikusi beharra dago, une bakoitza oso garrantzitsua baita, beraz, ez da denbora alferrik galdu behar eta bilatu nahi duzuna aurkitzen ez duzunean zure bidea bilatzen jarraitu behar duzu, beldurra eta zalantza guztiak alde batera utzita.

Lortu nahi duzuna eskatu beharrean, erregutu beharrean nahi duzuna eskuratzeko lan egizu, borrokatu. Ez egon loria edo ordainsariaren bila, mirariak ez dira existitzen. Beraz, norberaren etorkizunaren eraikuntza lan eginez lortzen da, amesten duzun hori ganoraz lor daiteke.

Hauxe izan da nire teknografia, nire irakasle identitatearen eraikuntzaren prozesua, nire betidaniko bokazioa azaleratzeko bidea, hain zuzen ere.

IRAKASLE IDENTITATEAREN ERAIKUNTZA:

“ Ezina ekinez egina”
“Etorkizunerantz pausu egokiak emanez, bide egokitik igarotzen”




No hay comentarios:

Publicar un comentario