Imajina ezazu, edozein unetan, behar duzunean,
zientzia- eta teknologia-gaiei buruzko galderei erantzuteko gai den
aditu bat duzula zure ondoan. Bada, 2008. urtean ospatu zen
Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astean, aditu hori ezagutzeko aukera izan
zuten Donostiako eta Bilboko zientzia-karpetan izan ziren bisitariek.
Zientzia-aditu
horrek AnHitz izena du, eta, bi zientzia-karpa horietan ez ezik, Bilbon
egin zen hizketaren teknologiei buruzko kongresuan ere aurkeztu zuten. AnHitz
pertsona birtual bat da; zehazki, emakumezko-itxura du, eta zientziari edo
teknologiari buruzko galderak erantzuteko gaitasuna du, euskaraz.
AnHitz oso abegikorra da, eta, lehenik,
erabiltzailearekin harremanetan jartzen da. Izena galdetzen dio, eta haren
ahotsa ezagutzen du. Jarraian, aukera ematen dio galdera jakin bat egiteko edo
gako-hitzen bidez informazioa bilatzeko. Erabiltzaileak zer nahi duen
adierazten dionean, AnHitzek informazioa bilatzen du Interneteko zientzia eta
teknologiako hainbat datu-basetan. Erantzuna topatu orduko, berriz, hitzez
jakinarazten du.
Horrez gain, erantzuna zer testutatik
atera duen ere erakusten du, idatziz. Eta testu horien izenburua ere irakurtzen
du, hala eskatuz gero, euskaraz edo jatorrizko hizkuntzan. Izan ere,
informazioa hiru hizkuntzatan bilatzen du: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.
Gero, euskarazkoak bere horretan erakusten ditu, gaztelaniazkoak euskarara
itzultzen ditu, eta ingelesezkoak jatorrizko hizkuntzan ematen ditu. Gainera,
testuen izenburuan klik eginez gero, haien jatorrizko web gunera bideratzen du
erabiltzailea.
Hori guztia lortzeko, beharrezkoa da
teknologia bat baino gehiago uztartzea. Hala, Euskal Herriko bost eragile aritu
dira elkarlanean: Elhuyar Fundazioaren I+G unitatea, EHUren Ixa eta Aholab
taldeak, eta VICOMTech eta Robotiker zentro teknologikoak.
Bakoitzak berea, eta denek elkarrekin
Bostak 2006an hasi ziren lanean, pertsonak
eta gailuak elkarrekin komunikatzeko behar diren hizkuntza-teknologiak
garatzeko eta ezagutzak modu naturalean kudeatzeko helburuarekin. Helburu
orokor horretara iristeko, eragile bakoitza alderdi batean edo bestean aritu da
lanean.
Esate baterako, pantailan agertzen den
emakumezko-itxurako pertsonaia birtuala VICOMTechek garatu du.
Aipatzekoa da hiru dimentsiokoa dela, eta emozioak adieraz ditzakeela. Pertsona
errealaren antza izateak komunikazioa errazten du, eta Donostiako
zientzia-karpan, behintzat, hori frogatzeko aukera izan zuten Elhuyar
Fundazioaren standean zeuden kideek: bisitari batek baino gehiagok galdetu zion
Elhuyarkoari pantailan zegoena bera ote zen. Alegia, ez zioten robot-itxura
hartzen AnHitzi, baizik eta hezur-haragizko pertsonarena.
EHUko Aholab taldeak
eta Robotiker-Tecnalia ikerketa-zentroak, berriz, ahotsaren ezagutzan
eta sintesian trebatu dute. Horri esker, AnHitz gai da euskalkiak eta hitzak
ahoskatzeko hainbat aldaera ezagutzeko, eta berak euskara batuan hitz egiten
du. Bestalde, galderei erantzuteko sistema eta Interneteko dokumentuak
euskarara modu automatikoan itzultzeko gaitasuna EHUko IXA taldeari
zor dizkio. Azkenik, dokumentu eleaniztunak bilatzeko abilezia Elhuyar
Fundazioaren I+G taldeak egindako lanaren ondorioa da.
Dena den, AnHitz ez dago erabat bukatuta,
prototipo bat da. Oraingoz, zientzia- eta teknologia-gaietan baino ez da aditu,
eta ez die galdera-mota guztiei erantzuten: nork, nor, noiz edo non
galdetzaileekin egindako galderei erantzuten die ondoen. Baina AnHitzen atzean
dagoen teknologia hobetzen jarraitzeko asmoa dute eragileek, eta, hala,
litekeena da laster beste arlo batzuetako informazioa erauzteko gai izatea
adibidez, beste datu-base batzuetan eginez bilaketa, eta baita beste era bateko
galderei erantzuteko ere. Nork daki, beharbada, egunen batean, aireportu, museo
edo denda batean egingo dugu topo AnHitzekin!
Iturria: GARA
Informazio honekin erlazionatutako beste
artikulu bat irakurri nahi baduzu: http://www.euskadinnova.net/eu/enpresa-digitala-eu/albisteak/anhitz-proiektua-polonian-saritua/6001.aspx
No hay comentarios:
Publicar un comentario