domingo, 20 de mayo de 2012

Hausnarketa: Agur esateko eguna ailegatu da!

Ailegatu da gure lana bukatzeko ordua, “teknologia berriak” irakasgaian gure betebeharra borobiltzeko eguna, azken sarrera egiteko momentua, hain zuzen ere. Horretarako, hasierako unera bueltatzea, lehenengoko urratsak gogoratzera jotzea ezinbestekoa dirudit.

Otsailean, irakasgaiaren programa irakurtzerako orduan izugarrizko korapiloa sartu zitzaidan tripetara. Aitortu beharra daukat ez naizela inoiz oso teknologia zalea izan eta ezjakintasuneko mundu honetan beti tentuz ibili izan naizela astakeriarik ez egiteko, beldurrak harrapatuta. Beraz, lehenengoko urratsak gogorrak izan ziren, ikaraz betetako pausuak izan ziren, gai ez nintzela izango pentsatzera ere heldu nintzelarik. Erronka berri baten aurrean nengoen berau osatzeko lan egitea besterik ez nuen behar.

Lehenik eta behin, irakaslearen blogaren jarraitzaile egitea ezinezkoa iruditzen zitzaidan, baina hainbat saiakera egin ondoren lortu nuen. Ondoren, bloga sortzeari ekin nion, horretarako, haur txikitxoak bezalaxe saiakeran eta errorean oinarritu nuen nire lana. Egun batzuk eman nituen oinarrizko plantila diseinatzen, irudiarekin, batik bat, nahiko lan izan nuelarik. Azkenean, lanerako baliabidea sortu nuen, hemendik aurrera pausuak arkitektura eraikitzen zentratu ziren.

Horretarako, internet-en nabigatzen hasi nintzen dokumentazioa bilatzeko: teknologia berriak eskoletan zelan erabili daitezkeen, zeintzuk baliabide dauden irakasleon eskura, hainbat artikulu interesgarri, bideoak … horiek guztiak niretzat eta blog-a irakurtzen duen edonorentzat interesgarriak, probetxugarriak eta motibagarriak izango zirelakoan.

Dena den, blog-ak oinarri teorikoa ere baduela esan beharra dago. Horretarako, emangarrien artean aukeratutako Manuel Área Moreiraren “Introducción a la tecnología educativa” liburuaren lana egin nuen eta ikasleekin partekatzen ikasi ere bai. Gainera, internet-en kontsultatutako informazioen artean artikulu zein bideo teorikoak ere landu izan ditut.

Hurrengo lana, teknografia, hots, irakasle identitatearen eraikuntza, burutzea zen. Bidean oztopo bat aurkitzea izan zen. Izugarrizko estualdiak pairatu nituen “movie maker” programarekin ez baitnuen lehenago inoiz ere ez erabili. Hainbat tutorial ikusi eta apur bat trasteatu ondoren, beldurrak eta zalantzak alboratu eta argazkiak bilatu eta eskaneatzeari, irudiak aukeratzeari eta muntaia prestatzeari ekin nion. Behin lan guzti hau burututa, teknografia hitzez azaltzea falta zitzaidan eta oraingo honetan berriro ere beldurrak eta zalantzak presente. Zaila da oso biluzik geratzea eta norberaren pentsamenduak, sentimenduak adieraztea. Are gehiago, jende askok ikusteko aukera izango duela jakinik. Egunak joan egunak etorri, pentsatu baina ordu gehiago behar izan nituen lana bukatzeko, baina azkenean pozik lortutako emaitzarekin.

Konturatu orduko maiatza heldu da eta osasun arazoak direla eta azkeneko lana burutzeko nahiarekin geratu naiz. Proiektu polita pentsatuta neukan, baina … arazoak arazo ezin gauzatu.

Hala ere, teknologia berrietarako hurbilpen hau ez da hemen amaituko. Hasierako bidea hau esperientzia esanguratsua izan da, aberasgarria, ezagutza zabaltzeko aukera eskaini dit. Esan bezala, hau hasiera besterik ez da izan eta etorkizunean, laster izatea espero dut, haurrekin eskoletan lanean egongo naizenean ikasitakoak praktikan jartzera animatuko naiz eta zergatik ez blog-a aprobetxatuko dut zuekin, nahi duenarekin, alegia, nire esperientziak partekatzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario