jueves, 29 de marzo de 2012

Lana: Introducción a la tecnología educativa


Laburpena: Manual Electrónico, Introducción a la tecnología educativa

III. Iraultza industrialak teknologia informatikoen erabileraren hedapena suposatu zuen, hau da, gizartea eredu industrial baten arabera antolatuta egoteari utzi eta informazioaren gizarteari bidea ekin zion, globalizazio prozesuaren abiadura areagotuz. Teknologia berrien ezarpenak aspektu positiboak, hala nola, edozein puntu geografikotik eta denbora aintzat hartu gabe informazioa eskura izatea, zein negatiboak, hots, bateratasun kulturala, suposatu zituen. Era berean, hezkuntza arloan ere, hainbat arazo planteatu ziren, batik bat, berrikuntzak hezkuntzan barneratzeko orduan.

Hezkuntza teknologia pedagogi diziplina bezala ezarriz joan zen urteekin batera hainbat eraldaketa pairatu zituelarik, harik eta, 80. eta 90. Hamarkaden bitartean krisia eman eta ikuspegiaren erabateko aldaketa eman zen. Gauzak horrela, diziplinartekotasuna oinarritzat edukita, hezkuntza prozesuen eta kulturaren transmisioaren ikerketan teknologiaren ikuspegia integratu zen. Espainia mailan ere, hezkuntza teknologia, pausorik pauso, ezartzen hasi zen. 1970. urtean LGE aldarrikatu zen, eta garai horretan ere ICEak sortu ziren. Era berean, UNED eta Hezkuntza ministerioak sustatuta hezkuntza programak nagusitu ziren, ordenagailuak hezkuntza-sisteman erabiltzeko. Egun, ikerketak zein arlo teorikoak aurrera diraute.

Material edo baliabide didaktikoei dagokienez, prozesua konplexua dela esan beharra dago, izan ere, hainbat faktore aintzat hartu behar dira. Besteak beste, materialaren beraren barne ezaugarriak, pertsona edo indibiduo bakoitzaren aldagaiak eta testuingurua. Era berean, hezkuntza prozesuaren eraikitzaileak izango dira eta indibiduoaren gaitasun kognitiboen aktibazioa behartuko dute materialetan bertan irudikatzen diren sinboloak interpretatu nahi badira. Hainbat material mota ezberdindu daitezke. Guri dagokigun ikasgaian, teknologia berrietan, garrantzitsuenak baliabide digitalak izango dira, bereziki, internet. Internetek informazioa antolatu eta gordetzeko modu berriak baimentzen ditu. Horrez gain, informazioaren irisgarritasuna eta manipulazioa ere areagotzen ditu. Zentzu honetan internet hezkuntza baliabide bezala aukera handiak eskaintzen dituela argi dago, bereziki, hezkuntzari egotzitako toki web-ak, hainbat motatakoak direlarik, proposamen didaktikoak (eta bere baitan dauden planifikazioa, diseinua eta ebaluazioa) eskaintzeko aukera ematen baitute.

Baliabide didaktikoak edo kurrikularak bi funtzio nagusi betetzen dituzte ikaskuntza-irakaskuntza prozesuetan. Alde batetik, irakasleentzako laguntzazko materialak izango dira. Horrela bada, curriculumaren diseinua, gida didaktikoak, esperientzien elkartrukatzea eta formaziorako aukera emango dute. Beste alde batetik, ikasleen ikaskuntza prozesuan laguntzazko materialak egongo dira. Kasu bietan materialak hezkuntza berrikuntzak zabaldu eta garatzeko estrategia izango dira. Curriculumaren kontzepzioaren arabera materialak ezaugarri, formatu eta funtzio desberdinak beteko dituela esan beharra dago. Gure hezkuntza sisteman material erabiliena liburua dugu, ikasturte oso batean zehar erabiltzeko diseinatzen delarik, bertan ezagutza modu sistematiko batean integratzen da eta teknologia kurrikulara ere ezartzen da. Hezkuntza zentroetan teknologia berrien erabilera ez dago oso orokortua, izan ere, egokitzapen prozesua motela da eta prozesuaren arrakastan hainbat faktorek eragiten dute, hala nola, baliabideen existentzia eta formazioa. Zentzu honetan, curriculumaren erronkarik nagusiena gaitasun digitaletan alfabetatzea lortzea izango da.  Horretarako, hezkuntza prozesuan ekintzak planifikatzea ezinbesteko premisa bihurtuko da non ikaslea edukiei esanahia eman eta ezagutza eraiki beharko duen (konstruktibismoa) ; informazio berriak bilatu beharko dituen, ikaskuntza kolaboratiboa nagusituko den eta irakaslea hezkuntza praktikaren antolatuz eta ikuskatuz arduratuko den.

Hezkuntza sisteman informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidea urteak aurrera joan ahala eboluzio itzela izan dute, harik eta, ordenagailuak hezkuntzarako laguntzazko baliabide izatetik ikaskuntzako baliabide, e-learning, izatera igaro diren. Aurretik esan bezala, ordenagailuak irakasteko makina bezala hartzen dira, non irakaslearen esku-hartze zuzenik ez den ematen konstruktibismoaren ikuspegia gailenduz. Ordenagailuen historia labur honetan hainbat fase ezberdindu daitezke:

Ordenagailuarekin lagunduriko ikaskuntza

LOGO proiektua
Tutoretza-sistema adimentsuak / Hipermedia adaptatiboak

Proiektuen bidezko irakaskuntza

Ikaskuntzarako zirkuluak

E-learning
Ikaskuntza informazioaren jasotzean eta erabileran zentratu
Ikaslea ikaskuntza prozesuaren protagonista, ikaskuntza eraikitzen du bere esperientziaren bitartez
“Adimen artifizial” printzipioetan oinarritutakoak (non gizakiaren burmuinari ordenagailu baten funtzionamendua egozten zaion)
WEBQUEST: aurkikuntzetan oinarritutako ikaskuntza estrategia, www baliabideak erabilita
Klaseak geografi eremu ezberdinetan kokatuta, irakaslea gidaria, ikaskuntza kolaboratibo aktiboa ikuspegi anitzeko ekintzen bidez
Irakaskuntza-ikaskuntza prozesua interneterako konektatutako ordenagailuekin. Hiru bide:
- Internet laguntza bezala irakaskuntza presentziazkoan: gela birtuala
- Erdi-presentziazkoa, Blended learning
-Distantziazkoa internet erabiliz: moddle


Amaitzeko, pil-pilean dagoen web 2.0 aipatzea ezinbestekoa da, izan ere, bertan integratzen dira hainbat blog hezkuntzarekin erlazio zuzena daukatenak, edublog-ak, hain zuzen ere. Horrez gain, wiki-ak eta sare sozialak ere hezkuntzan garrantzia hartzen hasi dira.


Ondorioak (ekarpenak, iritzi pertsonala, proposamenak): Manual Electrónico, Introducción a la tecnología educativa

Liburuan argi geratzen da teknologia berriak globalizazio prozesuaren areagotzean ezusteko eragina izan dutela. Zentzu honetan ados nago lehenengo kapituluan aipatzen diren arazo eta hezkuntzak izango dituen erronkekin. Apur bat zehazteko nahian ondorengo aspektu hauek giltza direlakoan nago:

- Teknologi berrien ezarpena hezkuntza arloan curriculumaren berrantolaketa eskatzen du. Horretarako, ezinbestekoa da gaitasun digitalak curriculumean bertan integratzea.
- Are gehiago, gaitasun digital hauek lortzeko bidean irakasleen formazioa lehentasunezko premisa izango da. Baina, ez soilik teknologia berrietan formazio egokia jasotzea, euren lanaren rol aldaketa ere eman beharko litzateke. Gauzak horrela, orain arte irakasleek izan duten protagonismoa alde batera utzi eta ikasleriaren protagonismoa nagusitu beharko litzateke, non irakaslea ikaslea laguntzeko papera, funtzioa izango duen, hau da, irakaslea azken finean irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren gidari eta laguntzaile bihurtuko da.
- Ikaslea, beraz, bere hezkuntza-prozesua bideratu eta gidatuko du, horrela bada, norbanakoak bere erritmoak ezarriko dituelarik. Eta ez hori bakarrik, ikasleak eskura dituen ezagutzak berrantolatu eta bere ezagutza propioa eraikiko du, konstruktibismoaren ildoari jarraiki.

Aurrean aipatutako baldintzez gain irakaskuntzaren aldetik, eta konkretuki irakasleen konpetentziei dagokienez, honako erronka hauek ere planteatzen dira.

- Informazio eta formazio beharra, irakasleen gaitasunak bermatu beharra
- Iritzi, kritika, esperientziak … elkartrukatu harik eta, hausnarketaren bidez norbanakoak ondorioak atera ditzan
- Ikasleek zeintzuk gaitasun lortu behar dituzten zehaztu behar da eta horretarako, irakasleek hezkuntza prozesua diseinatu eta modu egokian planifikatu behar dituzte, esate baterako, zeintzuk ekintzak garatu eta horretarako zeintzuk material eta baliabide didaktiko beharrezkoak izango diren.

Gaurko hezkuntza sisteman teknologia berriak apurka-apurka nagusitzen ari direla argi dago, horren isla, liburuan aipatzen den historiaren birpasan argi geratzen da eta ez hori bakarrik urteekin batera ere hezkuntzan ezarritako metodoek ere eboluzio itzela pairatu dute, harik eta egungo e-learningera iritsi arte. Nire ustez metodo hauek guztiek alderdi on edo positibo bat daukate, hau da, metodo bakoitzetik ezaugarri bat edo beste ikaskuntza prozesuan baliagarritzat jo daitezkeela uste dut. Esate baterako, 70. hamarkadan nagusitu zen ordenagailuarekin lagunduriko ikaskuntzak ikasleen autonomia maila areagotzea lortu zuten, ikaslearen beraren motibazio maila eta ulermen gaitasun handituz. Geroxeago, LOGO proiektuaren bidez, errorearen garrantzia aipatzen da. Errorea ikaskuntza-prozesuan ezinbesteko elementua da, izan ere, prozesuaren beraren aktibatzaile da, ikaskuntza prozesua bizirik dagoen neurrian presente egongo delarik. Proiektuen bidezko ikaskuntzari dagokionez, aurkikuntzan oinarritutako ikaskuntza sustatzen duelako premisa kontuan izanda, ikaslearen interesak oinarrian egongo dira modu honetan, ikaskuntza esanguratsua bermatuko delarik. Ikaskuntza kolaboratiboaren eskutik irakaslearen papera zeharo aldatu zen eta protagonista izatetik gidari edo laguntzaile izatera pasa zen. Hain zuzen ere, ezaugarri hau ezinbestekoa dela uste dut, izan ere, ikaslea bera da ikaskuntza prozesuaren burua, hau da, ikasleari baliabideak eskaini behar zaizkio bere ezagutzak eraiki ditzan, eta irakaslea izango da baliabide hauek eskainiko dizkiona eta prozesuan euskarri moduan agertuko dena. Horrela bada, ikaslea bere gaitasunak modu autonomo batean osatzeko bidea eskura izango du. Egun, e-learning da pil-pilean dagoen irakaskuntza-ikaskuntzarako estrategia. Oso baliabide eraginkorra izan daitekeelakoan nago, baina oraindik bide luzea beharko du etekina atera nahi bazaio.

Gauzak horrela, eta urrutiko hezkuntzaren bermea eta eraginkortasuna lortu nahi bada instituzioen aldetik konpromisoa beharrezkoa izango litzateke, izan ere, hezkuntza-sistema, batik bat, goi-mailako ikasketei dagokienez, baliabidez (pertsonal, material, teknologiko …) hornitu beharko litzateke eta horretarako, aurrekontuetan planifikazioa ezinbestekoa izango litzateke. Behin lehenengo pausu hauek emanda, lan itzela egongo litzateke oraindik, harik eta, hezkuntza-sistemaren egokitzapena lortu arte. Kasuan kasuko, aurretik aipatutako irakasleen formazioa, baliabideen egokitzapena, edukien diseinua-planifikazioa-ebaluazioa, ikasleen parte hartze aktiboa … eta beste hainbat aspektu zehaztu beharko lirateke.

Beraz, web 2.0 abian dagoela aprobetxatuz hezkuntza sistemaren eraldaketa lortzea erabateko aldaketa suposatuko luke, izan ere, hezkuntza metodo tradizionalaren eskutik ez dira emaitza onak lortzen ari, hezkuntza porrota geroz eta handiago da urterik urtera. Horrexegatik, neure aburuz hemen egon liteke irtenbidea etorkizuneko ikasleen ikaskuntza-prozesua bermatu nahi bada, irakaskuntza-ikaskuntza prozesua eraginkorra izatea lortu nahi bada. Beraz, gure esku dago, irakasle izango garenen eta jada irakasle direnen, hain zuzen ere, pausorik pauso bidea ekiten hastea.


Bi galdera:

1. Teknologia hezkuntzan integratzea hainbat arazo eta erronka suposatzen ditu. Hausnartu liburuan aipatzen direnak eta eman zure iritzia horien inguruan. Nahi izatekotan proposamen berriak egin.
2. Teknologia berriak hezkuntzan integratzearekin batera irakaslearen funtzioa aldatu egiten da. Hausnartu ezarpen honekin batera emandako prozesua eta zehaztu aldaketarik esanguratsuenak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario