Mostrando entradas con la etiqueta eraiki. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta eraiki. Mostrar todas las entradas

domingo, 28 de octubre de 2018

Instagram

Ikastaroa aurrera doa eta konturatu gabe amaierara hurbiltzen gaude!
Aste honetako lana Instagramen erabilera eta hezkuntzan dituen aplikazioak, hain zuzen ere.

Egia esan ekintza hau burutu arte ez dut pentsatu inoiz Instagram gela batean erabil zitekeenik..., baina, ... egun gainera proiektuen bitartez lan egiten hasi garela eta gure etorkizuna hezkuntzan proiektuen bidez lan egitera bideratu behar dugula aintzat hartuta baliabide interesgarria izan daitekeela uste dut zenbait kasutan:

- Argazkietan idazteko aukera egonda aukera paregabea izan daiteke proiektu baten bilakaera azaltzeko.
- Horretaz gain, ikas komunitatearekin ikastetxean burutzen diren proiektuak eta ekintza osagarriak partekatzeko erabili daiteke.
- Interesgarria da ere Instagram, Twitter, Facebook eta Tumblr binkulatuta edukitzeko posibilitatea. Oso gutxi ezagutu arren, gela bakoitzarekin "mikroblg" bat sortuz gero aukera asko eman ditzakeela pentsatzen dut informazioa partekatzeko, antolatzeko eta gogoeta egin ahal izateko.

Nire Instagrameko erabiltzailea "janireestradaahedo" da. Ariketa honetan bete beharreko atazak hiru argazki partekatzea eskatzen zuen. Hauexek neureak:

- Ernalketa:



- Zientziak ere alderdi barregarria duelako:


- Liburu interesgarria:


Jarraian Twitter, Facebook eta Tumblr-ren egindako ekarpenen argazkia ikusgarri daukazue:

- Twitter:



- Facebook:




- Tumblr:


Zenbat ikasten ari naizen ikastaro honekin! Hemendik aurrera beldurra alde batera utzi eta klasean ikasleekin martxan ipintzea besterik ez zait falta!


sábado, 6 de octubre de 2018

Zein da elkarlanaren abiapuntua?

Gaur egun ikastetxe guztietan pil-pilean dagoen asuntua daukagu lankidetzarena. Hau da, ikastetxeei Gobernuak berak eskatzen die proiektuka lan egitea ikasleen gaitasunak modu bateratu batean lantzeko eta aniztasunari aurre egiteko, besteak beste, etorkizuneko gizabanakoak adimen anitzak garatu ditzaten etengabeko aldaketan bizi garen mundu globalizatu honetan. 

Baina, nola gauzatu aldaketa hau? 

Horretarako lankidetza edo elkarlana ezinbestekoak direlakoan nago, bai ikasleek modu bateratu batean kooperazioa eta kolaborazioa aldarri bezala hartuta bai eta irakasleok gure lanari dagokionez.

Neure uste apalean hezkuntza munduan lan egiten dugunok konziente gara etengabeko formazioa ezinbestekoa dela hezkuntza kalitatezkoa izango dela bermatzeko. 

Askotan, aurreko post batean adierazi dudan bezala, informazio gehiegirekin lan egiten dugu, beraz, norberaren PLEa eudukitzea lehenengo urratsa izan beharko litzateke irakasle bakoitzak bere irakaskuntza prozesuaren sarea osatzeko. 

Behin pausu hau emanda, sare sozialek berebiziko garrantzia dutelakoan nago, izan ere, gure ezagutza partekatzen ez badugu ez baita ezagutzera emango eta ondorioz, gure lanak ez duelako hezkuntza munduan eraginik edukiko. 

Baina, hezitzaile guztiak bat egitea zaila izan daiteke, izan ere, irakasle bakoitzaren errealitatea, arazoak eta erronkak ez dira berdinak. Are gehiago, normalean egunerokotasunean sortzen diren arazoekin eta lanarekin lepoz gainezka gabiltza eta pertsona askorentzat "lan extra" bat suposatuko lukeenez sarean lan egiteak ezetza emango lukete.

Hastearren, ondo legoke gai hauekin lotuta ikastaroak egiten ditugunok sarean lan egiten hastea lehenego aurrerapausuak eman izan baititugu jada. Hots, norberaren PLEari forma ematen hasi diogu, Symbaloo erramientaren bidez; Feedly baliabidea ere hasi gara dagoeneko erabiltzen gure intereseko informazioa bat-batean eta modu bateratuan ikusi ahal izateko. Beraz, lanaren erdia eginda daukagu jada!

Ondoren, bakoitzak bere ikastetxean lankideak animatu ditzakegu eta are gehiago, irakasle guztiok formakuntza egiten dugunez eta gai arrunta izanen denez IKT-ena, zergatik ez zuzendaritza taldeari proposatu ikasitakoa gainontzeko irakasleei irakastea?

…Sabemos cómo hemos comenzado; no
podemos decir dónde llegaremos. (…) Todos
hemos de cooperar. Aquí no hay uno sólo y los
demás son comparsa, sino que cada cual tiene
su sitio, su deber, su responsabilidad.
(P. Poveda, 1919)


Eta nola sortu dezakegu OLE-a gure ikastetxean? 

Linda Castañedak dioenez, Irakaskunta Ingurune Antolatzaileak bere baitan hartuko lituzke informazio iturriak, erramientak, ekintzak, mekanismo kognitiboak eta erakunde horretan parte hartzen duten pertsonen sarea ikasteko asmoarekin.

Beraz, OLE-ek zentzu handi batean erakunde bateko kideen PLE-ak bateratzeko aukera emango luke eta garrantsitzuena dena, partaideak beraien arteko lankidetzan arituko lirateke amankomuneko helburuak lortzeko.

Orduan, ikastetxe bat erakunde bat denez, bertako partaideek identitate digitala badute, hau da, PLE-a badute eta sare sozialetan modu aktibo batean parte hartzen badute, nahikoa izango litzateke elkarlana OLE-ak implementatzeko. 

Eta nola? Ba, formazioaz baliatuta, hau da, ikastetxeetan zuzenean lehentasuna ematen XXI. mendeko baliabide ezin hobe hauei!

martes, 26 de enero de 2016

Nire PLEa

Argi dago lanbide guztietan formazioa etengabekoa eta jarraia izan behar duela, baina, hezkuntza munduan are gehiago. Irakasleook gure ikasleei baliabide egokiak eta garaian garaiko teknologia aurrerapenekin lotura estua dutenak eskaintzen saiatu beharra daukagu.

Norberaren PLEa ikastaro honekin nire lan ohiturak eraldatu nahiko nituzke. Gauzak horrela, materiala antolatzea eta hainbat programa berri, prezi esaterako, edo bideo muntaiak egiten ikastea gustatuko litzaidake.




lunes, 7 de mayo de 2012

Hausnarketa: bidea eraikitzen jarraitzen dut

Jadanik maiatzean gaude eta ikasturtea bukatzear dago, hala ere, bidea eraikitzen jarraitzen dut. Egunero hezkuntza arloarekin erlazioa edo zerikusia daukaten teknlogia berrien inguruko artikuluak, bideoak, gauza deigarriak ... arakatzen saiatzen naiz. Horretarako, orduak ematen ditut ordenagailuaren aurrean, baina askotan ez dut oso argi izaten zein izan daitekeen egokiena zuekin partekatzeko edo zein izan daitekeen nire irakasle identitatearen eraikuntzan gehien lagun dezakeena. Beraz, bidea eraikitzen jarraitzen dut, baina bertan oztopoak ere agertzen dira. Alde batetik pertsonalak, osasunarekin lotuta, izan ere, azken hilabeteetan  ospitalerako joan-etorriak asko dira eta horrek lan erritmoa apurtzeaz gain arlo akademikoa nahiko nukeen baino oharkabean uztera behartu nau. Hala ere, azken txanpa denez indarrak nonnahi hartu eta aurrera jarraitzeko inoiz baino kementsuago nago. Beste alde batetik, bakarrik lan egitea ere kostatzen dela esan beharra daukat. Klaseko dinamikan parte ez hartzeak pena handia ematen nau, baina tira norberaren egoera onartu beharra dago eta azken finean, irakasleak irakasgaian parte harzteko eman digun aukera hau ahalik eta gehien aprobetxatu behar dugu.

Animo ikaskide guztientzat, laster gure ametsa eskuratuko dugu, irakasle izango gara!

domingo, 29 de abril de 2012

Teknografia: nire irakasle identitatea eraikitzen

Zaila da oso norberari buruz hitz egitea, bakoitzaren istorioa hain da pertsonala ezen momentu batzuk betirako gordetzea nahiko genukeen, beraz, behar bada lotsak eta beldurrak eraginda, sentimenduak azaleratu ordez barruraino gordetzen ditugula dirudi.

Hala ere, oraingo honetan, nire irakasle identitatearen eraikuntzan, nire etorkizunaren eraikuntzan, ahalegin handia egin eta prozesu honetan eragin duten momenturik garrantzitsuenak islatzen saiatuko naiz.

Lehenengo pausuak lan honekin hasteko argazki eta irudi egokiak aukeratu eta ondoren “movie maker”-rean muntaia egiterako orduan hasi ziren komeriak. Zailtasun guzti horiek gainditu ostean hemen aurkezten dizuet nire bizitzaren zati txiki baten pelikula:




1. Etapa: Familia eta eskola

Nire herriak, Artziniegak, berebiziko garrantzia izan du nire etorkizunaren eraikuntzan. Herri txikia, betiko herria, biztanle guztiok ezagunak eta umeok herrian zehar aise ibiltzeko aukera genuelarik. Gauzak horrela, lehenengo pausuak autonomiaz beterik egon ziren nire nortasuna eta nire ezagutzak eraikitzeko sormena eta arakatzea ezinbesteko premisak izan zirelarik. Horrela bada, prozesu luze eta polit honetan zehar, jolastea ezinbesteko ekintza izan zen. Gure jolasetan adin desberdinetako haurrak elkartzen ginen eta normalean taldean oso ondo moldatzen ginen nagusienak txikienen ardura hartzen genuelarik, eta euren “zaintzaile” eta “babesle” bilakatzen ginen, gauzak irakasteaz arduratzen ginelarik: herriko hainbat txoko miatzen genituen, mendira eta ibaira joaten ginen, … garai ederra benetan, inoiz ahaztuko ez dudana eta betirako bihotzean gordeko dudana!

Baina, behar bada nire bizitzako lehengo urte hauetan garrantzirik handieneko bizipenak eta momentuak familian eta eskolan kokatzen dira:

Familia nire etorkizunaren eraikuntzan oso euskarri garrantzitsua izan da, egun ere bada eta etorkizunean ere izango delakoan nago. Ama eta aita, ahizpa, aitita-amamak, izeko-osabak, lehengusu-lehengusinak …

Ama, lanbidez ere irakasle urte askotan zehar eta eskolako bizitzan oso inplikatuta egon da beti.
Osaba Jose Mari ere, ingelerako eta lehen hezkuntzako irakaslea nuen eta haren alaba nagusia, nire lehengusina Mari Jose, alegia, lehen hezkuntzako irakasle ere. Lehengusina, nire eskolan egon zen irakasle, ahizparen irakasle izan zen, eta niri ere hainbat jakintza irakatsi zizkidan.

Ahizpa nire lehengo “ikaslea” izan delakoan nago, hark asko ikasi zuen nirekin, ni neu izan nintzen haren etorkizunaren eraikuntzan gidaria.

Eskolari dagokionez, txikitan egunero oso pozik joaten nintzela aipatu beharra daukat, asko gustatzen zitzaidan, asko ikasten nuen … Bizitako momentu asko dauzkat oroimenean gordeta, gehienbat, Nekane, Yolanda eta Marian andereñoekin. Nekane, haur hezkuntzako irakaslea, nire erreferentea izan zen garai hartan, nire bigarren “ama” zen eta egun nire irakasle identitatearen eraikuntzan ere protagonismo itzela duela esan beharra daukat. Berarekin txikitan asko ikasi nuen, bai arlo akademikoari dagokionez, bai eginkizun sozialera eta azken finean pertsona bezala gizartean integratzeari eta autonomiari dagokionez ere. Eta ez hori bakarrik, practicum-ean berarekin aritu naiz elkarlanean. Aukera bikaina izan da honako hau, izan ere, eskolan sortzen diren egoera guztiei irtenbidea ematen irakasten saiatu baita. Esperientziak elkartrukatu ditugu, bera bere jakintza transmititzen saiatu da; gomendioak eman dizkit, gela batean egunerokotasunean sortzen diren hainbat egoerei aurre egiteko estrategiak eta baliabideak azaldu dizkit …  oso modu atseginean, eta ni jakintza hori nire etengabeko prestakuntzan integratzen saiatu naiz.

Eskola garaian ere, lehenengo mailan hasi nintzen kirola praktikatzen, bakarkakoa (karatea eta atletismoa) eta taldekoa (futbola). Irakaslea berbera hiru kiroletan, maisua gainera, eskola garaian izandako gizonezko bakarra. Garai honetan hasi nintzen barneratzen lan eginez eta kemenarekin nahi duzun hori lortu dezakezula.

Euskal kultura eta tradizioa ere, nirekin bizi izan dira txikia nintzenetik etxekoak gure betiko ondarea transmititu didatelarik. Haur hezkuntza garaian ekin nion dantzatzeari  eta horretan ibili nintzen unibertsitatean hasi arte. Txikien irakaslea izatea ere atseginez hartzen nuen “papera” izan zen garai hartan.

2. Etapa: aldaketarako garaia

Oso momentu garrantzitsua izan zen honako hau, nire herritik eskualdeko beste herri handiago batera ikastera joatea, betiko eskolatik, Arteko Gure Ama, Amurrioko institutura, Zaraobe.

Nolabait haur garaia atzean utzi eta nerabezarorantz lehenengo pausuak eman nitueneko garaia izan zen. Nire izaera betikoa, ikasketetan oso arduratsua eta eguneroko bizitzan oso pertsona aktiboa, nekaezina.

Eskolan ez bezala institutuko irakasleekin harremana ez zen hain estua. Hala ere, DBHko lehenengo eta bigarren mailako tutorea, Flora, oso berezia izan zen niretzat. Geroko beste irakasle batzuk ere nire oroimenean gordetzen ditut, Juanjo, Rosita, Joseba, Tere, Marika …, asko irakatsi baitzidaten. Irakasle hauetatik guztietatik ekarpenen bat, bertute on bat nabarmendu eta nire irakasle identitatearen eraikuntzan lagungarriak izaten ari diren zenbait momentu, egoera, bizipen integratzen saiatzen ari naiz.

Institutuan jende berri asko ezagutu nuen. Herrian ez zegoen lagunak aukeratzerik, ginenak ginen eta elkarrekin egoten ginen nahiz eta elkarrekin ez oso ondo moldatu edo antzeko afizioak ez eduki. Amurrion oso lagun onak egin nituen, neskak eta mutilak, nire antzeko izaera dutenak eta elkarrekin aspektu asko partekatzen ditugunak. Ikasketa bidaian egun nire mutil laguna denarekin hasi nintzen, nire etorkizuneko erabaki guztietan euskarri garrantzitsua izan den pertsona, alegia.
2002ko otsaila zen eta unibertsitatean aurre matrikula egiteko epea zabalik zegoen, aukeratzeko garaia beraz. Hala ere, nik ez neukan batere argi zer ikasi, ez nuen oso argi etorkizunean zer izan nahi nuen: mediku, kimikari, irakasle … eta azkenean, selektibitatea egin ostean, matrikula egitera joan eta Ingurugiro Zientzietan egin nuen matrikula. Zergatik? Ba oraindik ere ez daukat oso argi, baina egun ziur nago erabaki okerra egin nuela, nire bidetik atera nintzela.

3. Etapa: Ingurugiro Zientziak
Etapa berri baten hasiera izan zen hau, herria eta institutua utzi eta Gasteizera ikastera joan, heldutasunerako bidea. Baina, ez soilik Gasteiza ikastera joan, bizitzera ere bertara joan nintzen.
Hasiera hasieratik ez zitzaidan batere gustatu hiriko bizimodua, zarata, eraikin handiak, jende guztia ezezaguna … ez nintzen zeharo inoiz egokitu. Astelehen goizetan ostirala noiz helduko zen itxaroten egoten nintzen uneoro.

Unibertsitatean ere ez nuen asko gozatu. Klaseetara eta praktiketara egunero joaten nintzen, irakasleak hemen ez ziren oso hurbilak, hesi bat egongo balitz bezala zirudien, eurek klasea eman eta guk apunteak hartu, hori egunero lau urtetan zehar. Irakasle berezi bakarra gogoratzen dut garai honetakoa, Mirari, kimika organikoa irakasten zigun, bere lehenengo urtea unibertsitatean eta aurretik urte asko institutuetan egondakoa. Berarekin bai, asko ikasi nuen eta gustura.

Nahiz eta urterik urtera irakasgai guztiak gainditzen joan lehengo maila amaitzerakoan karrera uzteko zorian egon nintzen ez baituen gustuko, ez zen nik espero nuena … etxean beste gauza bat ikasi nahi banuen garaian nengoela esaten zidaten arren neure burugogorkeriak eraginda ikasketak hasi eta bukatu nituen.

Ingurugiro ikasi bitartean udan umeekin lan egiten monitore. Honako hauek izan ziren nire lehengo urratsak umeen mundu konplexu honetan. Ederki pasatzen nuen, ekintzak planifikatu, materiala prestatu, jarduerak gauzatu … umeek asko eskaini zidaten lehengo hurbilketa hartan.

Hala ere, ikasketak amaitu eta hurrengo ekainean enpresa batetik deitu eta lanean hasi nintzen.
Erabaki egokia edo okerreko bidea ote?

4. Etapa: Lan mundua eta ikasketak

Lan munduko lehengo esperientzia ur enpresa batean izan zen, bertan ia hiru urte eman nituen eta lanak eskatuta masterra egiteari ekin nion. Hori bai garai latza! Astean zehar lanean eta asteburuetan berriro ere unibertsitatera. Ingurugiro Zientzietan bezalaxe, irakasgaiak gainditzea ez zen gatza izan, baina ez ninduen asetzen.

Garai honetan ere hasi nintzen euskara eta fisikako klase partikularrak ematen nire herrian bizi zen institutu garaiko irakasle batek, Marikak, eskatuta. Hasiera batean ez nuen nire burua gai ikusten, baina behin beldurrak gaindituta oso gustura prestatzen eta ematen nituen klaseak, azken finean niretzako esfortzu “extra” bat suposatu arren. Hemendik bide egokitik nindoan!

2009ko martxoan egun nire irakasle-eskolako ikaskidea eta laguna den Amaia B. magisteritza ikasiko zuela esan zidan. Hona hemen nire aukera! Kontratua berritzea tokatzen zitzaidan eta enpresako nagusiak egindako eskaintza onartu ez eta lana utzi nuen. Dena den, kasualitateak kasualitate urte horretako ekainean unibertsitateko irakasle batek deitu ninduen Enkarterrietako Landa Garapen Agentzian teknikari bat behar zutela esanez. Lan elkarrizketara joan nintzen konpromisoagatik, baina bizitza holakoa da eta ni aukeratu ninduten lanposturako. Beraz, berriro ere izugarrizko nahaste-borrastea: lana, partikularrak eta haur hezkuntza irakasle ikasketak. Are gehiago, 2010eko maiatzean pisua tokatu zitzaidan eta lanari ezin uko egin. Langabezian eman ditudan hilabeteak klasera joan izan naiz. Etxean gogorra egiten da bakarrik dena ikastea soilik azterketa gainditzeko, baina klase garaian asko disfrutatu dut. Klaseak oso dinamikoak, parte hartzaileak, talde-lana etengabeko premisa … eta practicuma, konfirmazioaren garaia! Eskolako errealitatean murgildurik bizi ondoren oso gogorra egiten ari zait nire egungo ingurugiro teknikari lana aurrera eramatea, gorrotatzen hasia nagoelakoan nago.

Nire bizitzako azken urte hauetan maizter bat agertu da, gaixotasuna. Hala ere, umeekin nagoenean mina burutik joaten zait, beraz, honako premisa hau jarraitzea erabaki dut: bizitza beste modu batean ikusi beharra dago, une bakoitza oso garrantzitsua baita, beraz, ez da denbora alferrik galdu behar eta bilatu nahi duzuna aurkitzen ez duzunean zure bidea bilatzen jarraitu behar duzu, beldurra eta zalantza guztiak alde batera utzita.

Lortu nahi duzuna eskatu beharrean, erregutu beharrean nahi duzuna eskuratzeko lan egizu, borrokatu. Ez egon loria edo ordainsariaren bila, mirariak ez dira existitzen. Beraz, norberaren etorkizunaren eraikuntza lan eginez lortzen da, amesten duzun hori ganoraz lor daiteke.

Hauxe izan da nire teknografia, nire irakasle identitatearen eraikuntzaren prozesua, nire betidaniko bokazioa azaleratzeko bidea, hain zuzen ere.

IRAKASLE IDENTITATEAREN ERAIKUNTZA:

“ Ezina ekinez egina”
“Etorkizunerantz pausu egokiak emanez, bide egokitik igarotzen”




domingo, 11 de marzo de 2012

Hausnarketa

Jadanik hilabete bat igaro da martxan hasi ginetik eta oraindik ere pausuak bide egokiaren bila jarraitzen dutela uste dut. Ikaskuntza prozesu jarraia eta etengabekoa da, egunetik egunera gure ezagutza eraiki beharrean gaude eta. 

Nik neuk irakasgaia modu ez presentzialean egiten nabil, beraz, nire ikaskuntza prozesua "AUTO-IKASKUNTZA" prozesua da. Egia esan, zaila da bakarrik aurrera egitea. Batzuetan, gogo handiz hasi eta arazoren bat edo zailtasunen bat izandakoan aurrera jarraitzeko bidea oztopoz betetzen hasten da, eta momentu horretan, frustazioa gainditzeko izugarrizko ahaleginak egitera behartzen dut neure burua. 

"Con el conocimiento se acrecientan las dudas" 
(Johann Wolfgang Goethe)

Are gehiago, inoiz ez naiz oso teknologia zalea izan, baina blogak itxura hartzen hasi dela ikusita aurrera egiteko kemena eta grina areagotuz hasi zaizkit.

Beraz, lanean jarraitzeko unea da, internet nabigatzeko ordua, IKTen hizkuntza bereganatzen hastekoa: HTML, esteka, etiketa, gadget-a...

Gauzak horrela, etorkizuna eraikitzeko bidea jorratuz noala esan dezaket, irakasle lanetan arituko naizenerako bidea eginez, ezagutzak bereganatzen, haurek euren ezagutzak eraikitzeko orduan euren laguntzaile edo gidari papera beraganatzen.

"La primera tarea de la educación es agilizar la vida, pero dejarla libre para que se desarrolle" 
(María Montessori)


domingo, 19 de febrero de 2012

Internet eta eskola

Oraingo honetan "Hik Ikasi" aldizkarian irakurri berri dudan artikulua zuekin konpartitzeko grina daukat, izan ere, niretzako IKTen mundu ezezagun honetan bidea egiten, hots, etorkizuna eraikitzen lagunduko gaitu.

Artikuluak honako gaiak jorratzen ditu:

- Web 2.0 zer der eta non daukan jatorria azaltzen da. Horrez gain, tresna   honek hezkuntza arloan izan ditzakeen aplikazioei buruz aritzen da. Honako hauek dira, besteak beste, aipagarrienak:

  • Ikasleak teknologia berrietara hurbiltzeko era dibertigarria, sinplea eta eraginkorra izan daiteke.
  • Oso tresna onak izan daitezke hizkuntza idatzia zein komunikazio ahalmena hobetzeko.
  • Ikasleen analisirako eta kritikarako gaitasunak indartu ditzakete, baita irakasgaian parte-hartzea ere.
  • Ikaskideen arteko erlazioa sendotzeko balio dute eta ikasleen eta irakasleen arteko elkarrekintza indartu dezakete.
  • Unibertsitate, eskola edo ikastola ezberdinen arteko harremanak ahalbidetzeko tresna egokiak izan daitezke.
  • Sindikazioari esker informazioaren aukeraketa propio bat egiteko aukera ematen da. Aukeraketa horri esker, balio kritikoak eta pentsamenduaren garapena sustatu daitezke.


- Gainera, Web 2.0ak dituen arriskuak eta aukerak ezagutzearen garrantzia aipatzen da, izan ere, tresna guztiek bezalaxe alde onak zein txarrak edukiko dituzte, beti ere egoikitzen zaien erabileraren arabera. Eskolak, familiak eta beste eragileek bezala, erabilera egokiak sortzen lagundu behar dio ikasleari. Iturri fidagarriak ezagutzen, informazioa egiaztatzen eta informazio pila horren aurrean kritikoak izaten erakutsi. Beraz, arriskuak ezagutu behar dira, eta horiek saihesteko moduak bilatu. Baina, batez ere, tresna horien onurak ezagutu eta horietaz baliatu.


- Web 2.0 Jakintza Ikastola IKTeroak izena duen irakasle talde bat da eta ikastetxean ikasleen IKTen dinamizazioaz gain beste irakasle ugari prestatzen ere dihardute eta artikulu honetan beraien esperientzia aurkezten digute.



Beraz, ezinbestekoa da gure eskola, ikastola eta unibertsitateetan joera horiek barneratzen hasi eta olatu berri horrek dakartzan gauza onak geureganatzea. Parte-hartzea, elkarlana, informazio trukea, ezagutzaren hedapena denon onerako dira eta tresna horiek joera horiek bideratzeko erraztasun handiak ematen dituzte.
Teknologia horien guztien atzean ez dago ideia teknologiko soil bat, hezkuntza ireki eta parte-hartzaileago baterako urratsak emateko tresnak dira. Hezkuntzaren inguruan dabiltzan pertsona askok zailtasunak ikus ditzakete bide horretan, baina probatzeko, saiatzeko, jolasteko deia luzatzen da artikulu honetan. Horretarako aukerak ez dira faltako, doako tresna ugari baitago probatu nahi duenarentzat. Gero gerokoak, baina lehenengo pausoak egiteko aitzakiarik ez dago.

domingo, 12 de febrero de 2012

Hasierako urratsak

Hona hemen nire bloga, hauxe nire lehenengo sarrera hasierako tira-birak gainditu eta gero,

Nire helburua, zuekin batera ikastea izango da, pausorik pauso gure etorkizuna eraikitzea, gure ezagutza eraikitzea, aurrera eginez IKT-en munduan murgiltzea,



Geure esperientziak partekatuz ikas eta goza dezagun!