jueves, 19 de abril de 2012

Klikasi, klik eginez ikasi


Azkue Fundazioak Klikasi sortu du, eduki didaktikoak euskaraz batzeko Multimedia Gunea, hain zuzen ere.
Euskaraz baliabide gutxi aurkitu ditzakegu eta askotan euskaldun irakasle eta ikasleek ikasteko baliabideak beste hizkuntza batzuetan ikustera eta erabiltzera behartuta gaude. Hau dela eta, Azkue Fundazioak Multimedia Gune hau sortu du, euskarazko baliabideen sorkuntza bultzatu eta denak batzen dituen gune bat izateko.
Klikasi web guneak, "klik eginez ikasi" esan nahi du, euskaldun ikasleek teknologia berrien bitartez ikasteko aukera izan dezaten eta ikastetxeetan ere sortzen dituzten baliabide didaktikoak partekatzeko aukera izateko.
Lehiaketa
Multimedia Gune honi lehenengo bultzada emateko Klikasi deitutako lehiaketa sortu du Azkue Fundazioak. 
Lehiaketaren helburuak honako hauek dira:
1. Irakaskuntzarako euskarazko multimedia baliabideak ugaritu Multimedia Gunean.

2. Ikastetxe, ikasle eta irakasleak saritu beraien lanengatik.


Lanak aurkezteko epea 2011ko Azaroaren 2an hasi zen eta 2012ko Maiatzaren 31n bukatuko da.




Informazio gehiago kontsultatu nahi baduzu jo ezazu hurrengo estekara:


lunes, 16 de abril de 2012

Hausnarketa: pausoak txikiak dira, baina lanarekin edozer lortu daiteke!

Nire proiektua martxan dago, jada bi hilabete luze daramatzat nire arkitektura eraikitzen. Zaila da bakarrik lan egitea, zaila baino... gogorra egiten da. Faltan botatzen dut lanak klaseko ikaskideekin egitea: Amaia, Nerea, Garbi, Izas, Goiria... talde-lanean beti ere guztion ekarpenak mahai gainean jarri eta luze eztabaidatu ondoren lan politak egin izan ditugu, ... baina aurten lana dela eta ezin!

Orain nire aurrean emangarri berri bat daukat: TEKNOGRAFIA.

Alaitzena ikusi eta ikaragarri gustatu zitzaidan, argazkiak eta irudiak oso era egokian konbinatuta eta musika ere oso aproposa. Gainera, bere hitzak irakurtzerakoan zeharo hunkitu nintzen.

Nire ordua da, nire teknografia propioa egitea. Jada argazkiak hautatu ditut eta irudi batzuk ere nire bizitzako momentuak adierazteko. Hala ere, hiru egun daramat nola antolatzea zahaztu nahian eta momentuz ez dut bide egokia aurkitu.

Hala ere, saiatuz, ekinez... nahi dudan guztia egin dezakeenetarikoa naizela uste dut eta oraingo honetan ere pausorik pauso eta emeki-emeki bada ere lortuko dut.

"Siempre que te pregunten si puedes hacer un trabajo, contesta que sí y ponte enseguida a aprender cómo se hace."
(Roosevelt)

domingo, 15 de abril de 2012

AnHitz, zientzia-aditu euskaldun... birtuala


Imajina ezazu, edozein unetan, behar duzunean, zientzia- eta teknologia-gaiei buruzko galderei erantzuteko gai den aditu bat duzula zure ondoan. Bada, 2008. urtean ospatu zen Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astean, aditu  hori ezagutzeko aukera izan zuten Donostiako eta Bilboko zientzia-karpetan izan ziren bisitariek.

Zientzia-aditu horrek AnHitz izena du, eta, bi zientzia-karpa horietan ez ezik, Bilbon egin zen hizketaren teknologiei buruzko kongresuan ere aurkeztu zuten. AnHitz pertsona birtual bat da; zehazki, emakumezko-itxura du, eta zientziari edo teknologiari buruzko galderak erantzuteko gaitasuna du, euskaraz.

AnHitz oso abegikorra da, eta, lehenik, erabiltzailearekin harremanetan jartzen da. Izena galdetzen dio, eta haren ahotsa ezagutzen du. Jarraian, aukera ematen dio galdera jakin bat egiteko edo gako-hitzen bidez informazioa bilatzeko. Erabiltzaileak zer nahi duen adierazten dionean, AnHitzek informazioa bilatzen du Interneteko zientzia eta teknologiako hainbat datu-basetan. Erantzuna topatu orduko, berriz, hitzez jakinarazten du.

Horrez gain, erantzuna zer testutatik atera duen ere erakusten du, idatziz. Eta testu horien izenburua ere irakurtzen du, hala eskatuz gero, euskaraz edo jatorrizko hizkuntzan. Izan ere, informazioa hiru hizkuntzatan bilatzen du: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Gero, euskarazkoak bere horretan erakusten ditu, gaztelaniazkoak euskarara itzultzen ditu, eta ingelesezkoak jatorrizko hizkuntzan ematen ditu. Gainera, testuen izenburuan klik eginez gero, haien jatorrizko web gunera bideratzen du erabiltzailea.

Hori guztia lortzeko, beharrezkoa da teknologia bat baino gehiago uztartzea. Hala, Euskal Herriko bost eragile aritu dira elkarlanean: Elhuyar Fundazioaren I+G unitatea, EHUren Ixa eta Aholab taldeak, eta VICOMTech eta Robotiker zentro teknologikoak.



Bakoitzak berea, eta denek elkarrekin
Bostak 2006an hasi ziren lanean, pertsonak eta gailuak elkarrekin komunikatzeko behar diren hizkuntza-teknologiak garatzeko eta ezagutzak modu naturalean kudeatzeko helburuarekin. Helburu orokor horretara iristeko, eragile bakoitza alderdi batean edo bestean aritu da lanean.

Esate baterako, pantailan agertzen den emakumezko-itxurako pertsonaia birtuala VICOMTechek garatu du. Aipatzekoa da hiru dimentsiokoa dela, eta emozioak adieraz ditzakeela. Pertsona errealaren antza izateak komunikazioa errazten du, eta Donostiako zientzia-karpan, behintzat, hori frogatzeko aukera izan zuten Elhuyar Fundazioaren standean zeuden kideek: bisitari batek baino gehiagok galdetu zion Elhuyarkoari pantailan zegoena bera ote zen. Alegia, ez zioten robot-itxura hartzen AnHitzi, baizik eta hezur-haragizko pertsonarena.

EHUko Aholab taldeak eta Robotiker-Tecnalia ikerketa-zentroak, berriz, ahotsaren ezagutzan eta sintesian trebatu dute. Horri esker, AnHitz gai da euskalkiak eta hitzak ahoskatzeko hainbat aldaera ezagutzeko, eta berak euskara batuan hitz egiten du. Bestalde, galderei erantzuteko sistema eta Interneteko dokumentuak euskarara modu automatikoan itzultzeko gaitasuna EHUko IXA taldeari zor dizkio. Azkenik, dokumentu eleaniztunak bilatzeko abilezia Elhuyar Fundazioaren I+G taldeak egindako lanaren ondorioa da.

Dena den, AnHitz ez dago erabat bukatuta, prototipo bat da. Oraingoz, zientzia- eta teknologia-gaietan baino ez da aditu, eta ez die galdera-mota guztiei erantzuten: nork, nor, noiz edo non galdetzaileekin egindako galderei erantzuten die ondoen. Baina AnHitzen atzean dagoen teknologia hobetzen jarraitzeko asmoa dute eragileek, eta, hala, litekeena da laster beste arlo batzuetako informazioa erauzteko gai izatea adibidez, beste datu-base batzuetan eginez bilaketa, eta baita beste era bateko galderei erantzuteko ere. Nork daki, beharbada, egunen batean, aireportu, museo edo denda batean egingo dugu topo AnHitzekin!

Iturria: GARA

Informazio honekin erlazionatutako beste artikulu bat irakurri nahi baduzuhttp://www.euskadinnova.net/eu/enpresa-digitala-eu/albisteak/anhitz-proiektua-polonian-saritua/6001.aspx



Eskola 2.0n erabiltzen den teknologiak ez dauka arriskurik

Hartutako konpromisoari jarraiki, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak egindako neurketek frogatu dute Eskola 2.0 programan erabiltzen den WiFi teknologia ez dela kaltegarria. Telekomunikazio Ingeniarien Elkargoak egin ditu neurketak, laborategian eta ikasgela arrunt batean, balizko kondizio okerrenak simulatuta. Egindako neurketetan ikusi dute neurtutako eremu elektrikoaren maila handiena indarrean dagoen araudiak erreferentziatzat ematen duen maila baino 150 aldiz txikiagoa dela: neurtutako maila handiena 0,39 V/m izan da, eta legeak erreferentziatzat ematen duena, berriz, 60 V/m.


Iturria: Elhuyar aldizkaria

miércoles, 11 de abril de 2012

IKTak Lehen Hezkuntzan


Ordiziako Jakintza Ikastolako Lehen Hezkuntzan, aspalditik ekimen interesgarriak burutzen ari dira IKTen esparruan. Ondorengo bideoan, bi talde desberdinen grabazioak aurkezten dira ohiko lan bat burutzen ari direla. 

Batetik, 1. mailako ikasleak (6 urtekoak) GCompris eta Tuxpaint lantzen ari dira. Deigarria da ikustea ikasle hauek zein naturaltasunez hartzen dituzten tresna eta aplikazioen "martingala" guztiak.

Beste alde batetik, 6. mailako bi ikaslek beste gelakideei Google Sites azaltzen ari dira. Itzela iruditu zait ikasle hauen lana eta ikaskideen jarrera.


Hau guztia, zalantzarik gabe, irakasleak berak daraman metodologia sortzaile eta aktiboari esker posible da, ikasleen jakin-mina etengabe piztea lortzen duelarik.


martes, 10 de abril de 2012

Eskola 2.0: pausorik pauso hezkuntza sistemaren eraldaketaren bila IKTen integrazioaren bidez

Teknologia berriak eskoletara ailegatu diren arren oraindik beraien erabilpenaren inguruan zalantza asko dago, izan ere, integrazioa ez ezik hezkuntza-sistemaren eraldaketa ere gertatu beharko litzateke, zehatz mehatz, metodologia eta lan egiteko moduak. Bide hau luzea izango da eta horretarako hainbat faktoreen gainean eragitea beharrezkoa izango da, besteak beste, administrazioaren inplikazioa, ikastetxeen azpi-egiturak, irakasleen prestakuntza, baliabide didaktikoen hornitzea, ikasleen lan egiteko moduan eraldaketa ...

Jarraian aurkezten den bideoan gai honi buruz solasaldi interesgarriaz gozatu dezakezu.


Ziberbullying kasuetan ikastetxeetan jarduteko protokoloa

Sare sozialen bidez ikasleen artean ere bullying egoerak ematen dira. Hauei guztiei erantzun egokia emateko Eusko Jaurlaritzak ziberbullying-ari aurre egiteko protokoloa zehazten du.

Dokumentua kontsultatzeko klikatu ondorengo estekan: